"Parkea bai, etxebizitzak ez"
Recondo-Pasquier eremuan etxebizitzarik nahi ez dutela esateko jarduerak egin dituzte gaur goizean enpresaren inguruan.
Azken Portu inguruan Recondo-Brioche Pasquier enpresak duen eremuan etxebizitzarik ez dutela nahi aldarrikatzeko jarduerak egin dituzte gaur goizean, Artiako Lagunak eta Bidasoaldeko Lagunak deituta, Bir-irudikatu. Bir-naturalizatu lemapean. Behin enpresa lekuz aldatzen denean (Kateara), udalak eta enpresak hitzarmena sinatua dute eremu horretan etxebizitzak egin daitezen. Gaurko mobilizazio eguna antolatu dutenek, ordea, parkea nahi dute: Txingudi-Bidasoa natura eremu babestuaren jarraipena izatea nahi dute lurzorua birnaturalizatuz.
100 bat herritar bildu dira jardueretara. Gainera, kontuan hartu behar da gaurkoa Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela. Ez dute ausaz hautatu gaurko data, beraz.
Lehenik eta behin, Bizitzaren Zuhaitza landatu dute Recondo enpresaren inguruan, “ingurua birnaturalizatzeko potentziala aldarrikatzeko”. Ondoren, Xabier Garate SEO Birdlife-Bidasoaldeko Lagunak-eko ornitologoak Txingudiko badiaren garrantzi ekologikoaz, hegazti faunaz eta Natura 2000 Sareak babestutako ekosistemaz hitzaldia eman du; Hilario Manzanedo biologoak, bere aldetik, naturaren berreskurapenari buruzko argibideak eman ditu; eta Pasquier enpresako langile batek langileen lan egoeraz mintzatu da.