Udalak "borondatea" agertu du helegitea aurkezteko, hizkuntza eskakizunen harira
Udalak publiko egin du borondate hori, eta zerbitzu juridikoak helegitea aurkezteko bideak aztertzen ari direla jakinarazi du.
Hamabi udaltzainen lanpostu deialdiaren hizkuntza eskakizunen harira, EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiari errekurtsoa jartzeko “borondatea” agertu du Irungo Udalak. Orain arte, udalak adierazi izan duenez, udaleko zerbitzu juridikoak aukera guztiak behatzen ari ziren, eta, orain, publiko egin du helegitearen bidea hartzeko asmoa: “Zerbitzu juridikoak helegitea aurkezteko bideak aztertzen ari dira orain, eta erabaki juridikoa hartzeko aukerak aztertzen ari dira”.
Joan den maiatzean emandako epaian udaltzainen lanpostu deialdian euskara jakitea baldintza izatea “diskriminatzailea” izan zela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta horrenbestez, baliogabetzat jo zuen 2017ko abenduaren 19ko 2.566 ebazpenaren VIII. oinarria; alegia, hizkuntza eskakizunak biltzen zirena. Auzitegiaren iritziz, “ez da beharrezkoa udaltzain guztiek euskara jakitea, administrazioarekin hizkuntza hori erabiliz harremanak izateko eskubidea bermatzeko”.
Epaiaren ondotik, euskara erakundeek eta erakunde publikoek euren “kezka” azaldu dute, eta euskalgintzak protesta ekitaldi bat ere egin zuen Bilbon, EAEko auzitegiaren aurrean. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak ere Irungo Udalak balizko helegitea aurkeztuko balu, hura babesteko asmoa azaldu du.