San Martzial-Txingudiko tenis pistak egokitzeko proposamena egin du EAJk
Jeltzaleen proposamenaren helburua «tenis pistak erabiltzeko aukera izateaz gain, beste jarduera batzuetarako ere erabili ahal izatea» da, finean, «diziplina anitzeko gune bihur daitekeen eta gure hirian dauden beste behar batzuei erantzungo dien instalazio bat» proposatu dute.

San Martzial-Txingudiko kirol instalazioak berritzeko proposamena egin berri du EAJ taldeak. 2018an berritu zituen instalakuntzak udalak, eta ordutik, jeltzaleek hainbat hobekuntza proposamen egin zituztela gogoratu dute. Horien artean, «gobernuak onartu eta ingurunea eta irisgarritasuna hobetzen lagundu zuen proposamen esanguratsu bat» dagoela nabarmendu dute.
2018 hartan, alderdiek instalakuntza berriak bisitatu zituztenean, jeltzaleek «gabezia bat zegoela» ikusi zuten, irundarrek ez baitzuten oinez bertaratzeko aukerarik. Horregatik oinezkoentzako lotura bat jartzea proposatu zuten, «ibilgailurik erabili behar izan gabe iristeko aukera izan zezaten irundarrek, hauei gure hiriko ingurune naturalaz paseatzen eta gozatzen joateko aukera eskainiz». Orduan gobernuak proposamena kontuan hartu, onartu eta garatu egin zuela diote EAJtik.
Era berean, igerileku nagusiaren tamaina txikiak herritarren artean kezkak eragin zituela erantsi dute, eta eztabaida horren ondorioz taldeak 5.000 euroko zuzenketa bat aurkeztu zuela 2019ko kreditu aldaketan, egun zen igerilekua handitzeko aukera aztertzeko. Oraingo honetan gobernuak ez zuela onartu salatu dute jeltzaleek.
Horrez gain, jeltzaleek diote tenis pisten estalkia konpondu beharko litzatekeela, «gaur egun zulatuta eta hezetasunak eta landaretzak baliogabetuta baitago».
Guzti horri aurre egiteko 2020ko aurrekontuetara egitasmo bat aurkeztu zuen EAJ, udalak erreforma horri aurre egin ziezaion, «instalazioa osatu zezan, instalakuntzak benetan duten ahalmen osoa eskaini zezan». Tamalez, diote jeltzaleek, gobernuak atzera bota zuen proposamen hori. Halere, instalakuntzek duten beharra ikusita, ezinbestekotzat jo dute jeltzaleek aurtengo aurrekontuetara ere aurkeztea, eta hala egin dutela jakinarazi dute. «Udalak ahalegina egin behar du gure hirian kirola egitea mugatzen duten arazo horiek konpontzeko», erantsi dute taldetik.
Jeltzaleen proposamenaren helburua «tenis pistak erabiltzeko aukera izateaz gain, beste jarduera batzuetarako ere erabili ahal izatea» da, finean, «diziplina anitzeko gune bihur daitekeen eta gure hirian dauden beste behar batzuei erantzungo dien instalazio bat» proposatu dute. Gainera, udal gobernuak instalazioaren kudeaketa integrala eta ez partziala egiteko aukera balora dezakeela uste dute, «kudeaketa eraginkorragoa, efizienteagoa eta Irunek behar duen mailako zerbitzua duena erraztuz».
Amaitzeko nabarmendu dute EAJtik kirol politikak babesten jarraituko dutela, baita tokiko kirola eta kirolariak ere.