Ostalaritzaren aldeko zenbait neurri proposatu ditu EH Bilduk
Neurri murriztaileak dauden bitartean ur eta zabor tasen salbuespenak zabaltzea eskatu dute. Izan ere, orain dela bi hilabete Txinzer-ek hartutako neurria «motz» geratzen dela uste dute.
Azken bi hilabeteotan Txinzer-ek ur eta zabor tasen salbuespenak aplikatu dizkie erabat ixtera behartuak izan ziren taberna eta jatetxeentzat. Ondorioz, egoera horretan daudenek ez dituzte ur eta zabor tasak ordainduko itxierak irauten duen bitartean.
Irungo EH Bilduk bat egin zuen neurri horrekin, baina «motz» geratzen dela uste dute, gaur hedabideei bidalitako ohar batean azaldu dutenez. Horregatik, 2021. urtean, ur eta zabor tasen salbuespena 3. mailako establezimenduei aplikatzeko eskatu dute, beti ere fakturazioa %50 baino gehiago jaitsi bada 2019ko datuekin alderatuta. Fakturazioa horrenbeste jaitsi ez dutenentzat aldiz, tartetako jaitsiera bat planteatu dute, esaterako, %25etik %50era fakturazioa jaitsi dutenentzat %50eko hobaria aplikatzea.
2. mailako establezimenduentzat ere tartetako hobari sistema bat planteatu dute koalizio subiranistako kideek, fakturazioaren jaitsiera datuen baitakoa. Horrela, fakturazioaren jaitsiera %0tik %25era bada, %25eko hobarian proposatu du taldeak; jaitsiera %25etik %50era bada %50eko hobaria, eta jaitsiera %50etik gorakoa denean %95eko hobaria.
«Azken egunetan neurri murriztaile batzuk malgutu diren arren, ostalaritzak ezin du bere eguneroko jarduna ohiko baldintzetan garatu: ordutegi eta aforo murriztuak dituzte, esaterako. Eta honek egoera larrian utzi ditu establezimendu asko. Gaueko aisialdiaren kasuan, hilabeteak pasa beharko dira normaltasun berrira egokitzeko», diote taldetik. Horregatik, ur eta zabor tasen salbuespenak zabaltzeko eskatu dute, batez ere, neurri murriztaileak dauden bitartean.