Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa berritu du udalak
Joan den maiatzaren 28an Udalbatzak aho batez eman zion oniritzia dokumentuari. Indarrean dagoen IV. Berdintasun Planetik sortu dute, lehendik zegoena berrituz.

Irunek indarkeria matxistaren aurrean erakundeen artean arreta emateko eta koordinatzeko protokolo berria du. Gaur bertan aurkeztu du Miren Etxebeste Berdintasun saileko ordezkariak. Honen arabera, udalbatzak aho batez eman zion oniritzia dokumentuari, eta indarrean dagoen IV. Berdintasun Planetik sortu da, lehendik zegoena berritu dutela azaldu du. «Dokumentua egiteko prozesu luze honetan, emakume elkarte eta entitateek parte hartu dute, eta hau izan da emaitza. Irungo Udalak orain arte egindako lan guztia jasotzen du lan honek; izan ere, ibilbide luzea egin baita indarkeria sexistaren emakume eta adingabe biktimei arreta ematen», esan du.
Protokoloaren ardatz nagusiak dira indarkeria matxistaren biktimei arreta ematea, kasuren bat gertatuz gero erantzun publikoa ematea eta erakundeen artean koordinatzea. Izan ere, Etxebestek dio protokolo hau «harago» doala, eta udalaren arreta zerbitzuez gainera, beste eragile batzuk ere biltzen dituela, hala nola, Osakidetza eta Ertzaintza. «Helburu nagusia, jakina, protokoloa ez aktibatzea da, baina udala garen aldetik, aurrera egin nahi dugu prebentzioan eta erakundeen arteko lankidetzan, funtsezkoa baita biktimak babesteko, eta, jakina, gaitz hori gure gizartetik desagerrarazten borrokatu eta lagundu nahi dugu», erantsi du ordezkariak.
Biktima izatea ez areagotzeko eta zerbitzu bakoitza osagarria izan dadin nola jokatu behar duen zehazteko, egindako lanak bateratzea eta urtero Berdintasun Zerbitzuak aurkeztutako jardueren gaineko datu orokorrak aztertzea izango dira koordinazio mahaiaren eginkizunak. Saileko teknikariek urtero aztertuko dituzte protokoloan dauden zerbitzu eta erakundeek bidalitako datu horiek, eta txosten bat egingo dute, erakunde arteko koordinazio mahai horretan aurkeztu, eztabaidatu eta neurriak martxan jartzeko. Zentzu horretan Etxebestek gogoratu du udaleko gizarte zerbitzuek gizarte langile bat dutela indarkeria matxistaren kasuetarako bakarrik.
Protokoloa egiteko Estatu Itunaren finantzaketa jaso du udalak, eta erantzun publiko bat emateko eskema bat ere baduela gaineratu du ordezkariak, gerta daitezkeen eraso guztien aurrean hainbat mailatan aktibatzen dena. Oinarrizko jarraibide batzuk egongo dira egoera posible guztietan jarduteko, honakoak: biktimarekin eta haren ingurukoekin harremanetan jartzea, haren egoerari egokitutako baliabideak eskaintzea eta behar den zerbitzura bideratzea, erasoari buruzko informazioa biltzea arretan inplikatutako erakundeekin koordinatuta (Ertzaintza, Osakidetza, Gizarte Ongizate…), edota gizarte eragileekin koordinatzea (elkarteak, mugimendu feminista…).