«Ezkertiar, independentista eta feministak saretzeko jauzi handi bat eman nahi dugu»
Sorturen Loratzen Prozesua abiatu zuten 45 bat lagunek atzo Palmera Monteron. Militante ugari bildu ziren, guztiek borondate berarekin: «Irun eta Euskal Herria eraldatzeko, ezkertiar, independentista eta feminista garen irundarrak saretzeko jauzi handi bat ematea».

45 bat lagun bildu ziren atzo arratsean Irungo Palmera Monteron, Sorturen Loratzen Prozesuari hasiera emateko egindako herri topagunean. Hirian ezkertiarra, feminista eta independentista den pertsona eta sareekin egiteko «ariketa erraldoia» da Loratzen Prozesua, finean, «entzun eta eztabaidatzeko prozesua, formatzekoa, komunitatea egin eta harreman berriak eraikitzeko dinamika».
Bada, militante ugari bildu ziren atzokoan, askotariko belaunaldietakoak, guztiek borondate berarekin: «Irun eta Euskal Herria eraldatzeko, ezkertiar, independentista eta feminista garen irundarrak saretzeko jauzi handi bat ematea». «Adostasun horrek batu gintuen. Elkar ezagutu genuen elkarren berri ez genuenok. Entzun genuen, eztabaidatu eta plangintza egin genuen», esan zuten atzokoan.
Atzoko lehen bilkura horretan, aho batez, ondorengoa berretsi zuten (hitzez hitz) bertaratutakoek:
- Baietz, Euskal Herriko askapen prozesua hamarraldi erabakigarri batean sartzera doala. Hau kapitalismoaren krisi anitzez zeharkaturiko testuinguru batean ematen dela, arriskuz eta aukeraz josiriko ziklo bat irekitzeko abagunea emanez. Zibilizazio krisi honen aurrean, Euskal Herriak herri erantzun eraldatzailea emateko gaitasunak antolatzen ari da. Irundik gure ekarpena ere egingo dugu.
- Baietz, guk ere gure egiten dugula azken hamarraldian hezur-mamitzen joan den estrategia aldaketa. Egonkortu dugula eta datorren hamarraldian horri zuku eraldatzaile guztia ateratzera goazela. Euskal Herria eta irunen, askapen nazional eta sozialerako bloke historiko berria eraikitzera goazela. Bide horretan Sorturen Kongresuan murgilduko garela, Irundik ekarpena eginez askapen estrategiari eta berau gure hiri eta auzoetara tokikotuz.
- Ados, duela lau urte irungo ezker abertzalea ahul samar zela baina ataka zail horretatik atera garela. Badakigula nora goazen maila nazionalean, badugula Irungo berezitasunei egokitzen zaion agenda propioa, badugula oinarri soziala eta egitura, koadro politikoak eta harrobia. Garai zailenetan ere eutsi diogula iniziatiba politikoari, Hazia irekia eta bizirik dela, herri mugimenduan sustraitua den mugimendu bat garela. Alternatiben eraikuntzan zein erresistentzia eta erantzunezko borroka sozialetan bagarela eta horretan jarraitu ez ezik, hori indartzera goazela.
- Noski, Irunen badela ezkertiar, independentista eta feminista ugari, asko, andana. Eta hasi bagara ere, saretzea, elkar ezagutzea eta hiri gris eta kontserbadore hau eraldatzeko bidean saretzea dela behar duguna. Eta horretara goazela, hori dela Loratzen prozesua, hori dela momentu historiko honetan, Euskal Herrian eta Irunen ezinbestean egin beharreko asmo handiko ariketa.
- Aho batez; batzuek bidea ireki zutela borrokaren bidez eta guri, gure belaunaldiari garaipena prestatzea dagokigula.
Atzokoa komunitatearekin egindako lehen kontrastea izan zen, eta Sortukoek diote gehiago egin beharko direla hemendik 2022ko urtarrilera bitarte garatuko duten prozesuaren zehaztasunak itxi ahal izateko. Hala, hilaren 16an Ipar Orratza formazio saioa egingo dute (formatu trinkoan), hilaren 18an Loratzen talde motorraren bilkura irekia egingo dute eta 19an aldiz, Sorturen Kongresuari abiada emateko Nazio Batzarra egingo dute.