Presa eta Damarriko etxebizitza sozialak eraikitzeko prozesua has dezala eskatu dio Abotsanitzek EAJri
Visesa sozietatearekin etxebizitza publikoak eraikitzeko sinatutako hitzarmenarekin gertatutakoa "argitzeko" exijitu du udal taldeak.
Abotsanitzen udal taldeko kideek agerraldia egin dute gaur goizean Biteri parean kokatutako orubean. Bertan eman zuen Txomin Sagarzazu alkateak Hondarribiko Udalak eta Visesa sozietate publikoak Presa I eta Presa II babestutako etxebizitzak eraikitzeko sinatutako hitzarmenaren berri orain dela hiru urte. Akordioa, baina, bertan behera geratu dela ezagutarazi du Igor Enparan bozeramaileak eta horren gaineko arrazoiak “argitzeko” eskatu dio alkateari. Era berean, 1996ko arau subsidiarioetan oinarrituta Presa eta Damarriko etxebizitza sozialak eraikitzeko prozesua has dezala galdegin dio bozeramaileak Sagarzazuri.
“Gaur dugu giltzak emateko adierazitako garaia, eta ikusten duzuenez, hementxe bertan, ez daukagu inolako eraikinik edo lanik”, adierazi du Enparanek. Hain zuzen, 2018ko azaroan sinatu zuten akordioa Visesak eta udalak, eta “bi urte eta erdi pasata hitzarmen hori bertan behera utzi dute bi aldeek”. Adostutakoaren arabera, 84 etxebizitza publiko eraikiko ziren, 42 alokairuan eta beste horrenbeste salmentan. Gainera, 230 tokiko disuasio-aparkaleku eraikiko zuen Visesak. Jostaldi ondoan kokatutako Presa II promozioan, bestalde, alokairu sozialeko 34 etxebizitza eraikitzea adostu zuten.
Hitzarmena baliorik gabe utzi izanaren gainean azalpenak emateko galdegin du, halaber, Enparanek. Izan ere, alderdikidearen arabera, “2021 hasieran Sagarzazuk 2020ko balantzea egiterakoan [11. minututik aurrera] aipatu zuen etxebizitzak ez direla aurrera eraman Visesak ezin izan zuelako, arrazoi geoteknikoak medio. Aldiz, udaletxeko dinamikan ikusi duguna da, Visesak idatzi bat bidali duela apirilean HAPOa baliogabetu izanagatik ezin direla etxebizitzak gauzatu argudiatuz”. Hitzarmena likidatu ahal izateko 248.583,91 euro ordaintzea eskatu zion sozietateak udalari .
Hori horrela, hondarribiarrek argitasuna behar dutela argudiatu du, “batetik, babestutako etxebizitza gabezia nabarmena daukagulako, eta bestetik, kostu ekonomiko batzuk eragin dituelako eta ez dugulako inongo jakintzarik zer gertatzen den herriko ekarpen ekonomiko horiekin”. Zehazki, Abotsanitzek plazaratutako datuen arabera, 2019an beste 598.500 euro ordaindu zizkion udalak Visesari “egin ez den aparkalekuan BEZaren kontzeptupean”.
Eskaerak
Egoerari erreparatuta hiru eskaera helarazi dizkio Enparanek Sagarzazuri. Hala, batetik, gertatutakoa argitzeaz gain, ardurak zehazteko; bestetik, Presa eta Damarriko 176 etxebizitza publikoak eraikitzen hasteko, “duela 25 urte onartutako proiektuak” baitira; eta azkenik, “etxebizitza politika iraultzeko”. Azken eskaeraren harira, bozeramaileak erantsi duenez, “eskatzen duguna da HAPO berria izapidetzeko garaian, joera hau eraldatu dadila, lehenetsi dadila etxebizitza publikoaren eraikitzea eta kontuan hartzea azken 25 urteetan izandako gabezia berreskuratu beharra daukagula. Ez gara hutsetik hasten, gabezia batetik baizik”.
Datuak
Herri batzarrak publiko egindako datuek diotenez, 1996ko plangintzaren arabera, hurrengo urteetan Hondarribian 1.354 etxebizitza publiko egitekoak ziren, eta 921 pribatu. Hala ere, bestelako joera bat izan dela adierazten dute datuek: 1996 eta 2020 urteen artean 527 etxebizitza publiko eraiki dira, eta 2.135 pribatu. “Arauaren arabera, %59,5 izan behar zuten publikoak baina %19,8 baino ez dira izan. Pribatuak, berriz, %40,5 izan behar ziren, eta %80,2 izan dira”.