[Erreportajea] Emakumeen artean zaletasuna pizteko pala lehiaketa
Emekik antolatutako Emakumeen VI. Pala Txapelketaren azken partidak jokatuko dituzte bihar zortzi bikotek, Soroetan. Emakumeen artean palarekiko zaletasuna sustatzea du helburu lehiaketak.
Bihar bukatuko da Emakumeen VI. Pala Txapelketa. Maiatzean zehar aurrera eramandako lau jardunaldien ondoren, bihar jokatuko dituzte azken lehiak Soroetako pilotalekuan, 11:00etan. Asteazkenero eta ostegunero ia bikote guztiak elkarrekin entrenatu arren, lehia bizia izan da parte hartzaileen artean orain arte. Denek dakite, hala ere, xedea ez dela soilik txapela janztea, nesken artean pala zaletasuna bultzatzea baizik.
«Txapelketa honen helburua zaletasuna piztea da, ez soilik bikote irabazle bat egotea. Txapelketa bukatuta Hondarribian neska gazteak eta hain gazteak ez direnak palara jolastea nahi dugu», azaldu du Tamara Sastre Emeki elkarteko idazkariak. Zentzu horretan, aurtengo lehiaketaren balorazio «positiboa» egin du hondarribiarrak, osasun neurrien eraginez iaz baino bikote gutxiagok parte hartu badute ere. Itxiera perimetralaren gainetik, hala ere, zortzi bikote aritu dira Soroetako frontoian eta «oso giro polita» sortu dela adierazi du. «Bikote batek galtzen duenean haien artean kristoren besarkadak eta animoak ikus daitezke; elkarrekin entrenatzearen ondorioz sortzen den giroa da».
1994tik 1997ra antolatu zituen Emeki elkarteak emakumeen arteko lehen lau pala txapelketak. Bi hamarkada pasatxoren ondoren, iaz erabaki zuten lehiaketa berreskuratzea, baita ikastetxeetan sustapen lana egitea ere. Koronabirusak, ordea, planak zapuztu zituen eta 2021-2022 ikasturtera atzeratu behar izan zuten aukera hori. Hori horrela, biharko finala eta antolatzaile zein parte hartzaileei egindako elkarrizketak baliatuz bideo bat osatuko dutela azaldu du Sastrek. Emekiko idazkariaren arabera, bideoaren bitartez kontatuko dutena da zergatik hasi diren palan jolasten, zer den haientzako pala, zergatik dute gustuko: «Bideoa ikastetxeetara eramango dugu, eta kontzientziazio lana eginda, kirol eskaintzaren barruan asteazken arratsaldetan palara jolasteko aukera eskainiko dugu».
Indarkeriaren aurkako matazak
Astigarragako Udaleko Berdintasun departamentuak abiatutako Indarkeria sexistaren aurkako matazak dinamikarekin bat egingo du Emekik hilaren 12an, Ehuleen Nazioarteko Egunean. Momentuz, metro kopuru «polita» ehundu dutela adierazi du Sastrek. Hala ere, parte hartu nahi duten lagunek hilaren 10a arteko epea izango dute 30 zentimetroko zabalera eta nahi adina luzera duen bufanda ehuntzeko, eta Emekiren egoitzara eramateko. Ondoren, trikota klaseko irakasle eta ikasleek zatiak elkartu eta Astigarragara eramango dituzte. Indarkeria matxistak eraildako biktimek utzitako hutsuneak agerian uztea, ikusaraztea, eta sentsibilizatzea du helburu.