"Pertsonen zirkulazio askerako eskubidea" errespetatzeko galdegin du EH Bilduk
Migranteek Behe Bidasoan pairatutako egoera dela-eta hainbat konpromiso jasotzen dituen eskaria aurkeztu du koalizio abertzaleak Bozeramaileen Batzordean.
EH Bilduren udal taldeak jakinarazi duenez, “pertsonen zirkulazio askerako eskubidea” errespetatzeko eta aldarrikatzeko dokumentua aurkeztu du Bozeramaileen Batzordean. Migrazio krisiak Behe Bidasoa eskualdean eragindako egoeraren aurrean aurkeztu du eskaria koalizio abertzaleak.
“Gure eskualdea, Behe Bidasoa, azken urteotan etorkin askoren igarobide bilakatu da. Pertsona horiek, gehienak, Euskal Herria hegotik iparrera zeharkatu nahi dute baina Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan Frantziako zein Espainiako poliziek etorkinen bidaia eragozten dute”, adierazi dute alderdikideek dokumentuan.
Ildo horretan, Arartekoaren hitzak gogora ekarri ditu EH Bilduk: “Etorkinak hartzea gizartean sortu den behar berri bat da, eta ezinbestekoa da udalek jarduerak bultzatzea, haiek gizartean errazago txerta daitezen. Inmigrazioak, egiturazko fenomeno gisa, tokiko agintarien esku hartzea behar du, gure herrietan herritar berrien asentamendua arautu eta ordenatzeko”.
Hala eta guztiz ere, “ehunka, milaka” direla Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatzen saiatzen diren pertsonak azaldu dute koalizioko kideek. “Horrela, joan den maiatzaren 23an, Lapurdira iritsi nahian, 28 urteko Boli Kostako gazte bat bizitza galdu zuen Bidasoa ibaiko uretan”, erantsi dute.
Hori guztia dela eta, Hondarribiko Udalaren inplikazioa dakarren hainbat eskari bildu ditu koalizio abertzaleak dokumentuan, “horrelako gertaeren aurrean prozedurazko protokolo hau adosteko eta argitaratzeko”:
- Hondarribiko Udalak irmoki aldarrikatu nahi du pertsona ororen zirkulazio askerako eskubidea, oinarrizko giza eskubidea delako, are gehiago, Euskal Herriko lurraldeen artean.
- Hondarribiko Udalak, ahal duen neurrian, lagunduko die gurera datozen pertsonei euren migrazio proiektua aurrera eraman dezaten.
- Hondarribiko Udalak eskualdeko migranteekiko elkartasuna bultzatu nahi du. Horrela, Irunen eta inguruan bizi diren pertsonek osaturiko migratzaileentzako Irungo Harrera Sareak egiten duen lana eskertu nahi du eta, aldi berean, hondarribiarrak elkartasuna adieraztera deitu.
- Azkenik, Hondarribiko Udalak Behe Bidasoa eskualdean gerta daitezkeen migranteen ezbeharrak salatzeko ekimenetan parte hartzeko konpromisoa adierazi nahi du.