Aurtengo '18 cm' erakusketak haurtzaroa izango du protagonista
Haurtzaroan inguruko gai artistikoan inspiratu beharko dira artistak. Pinturak, serigrafiak, grabatuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak... Formatu ugari onartuko dituzte.
18 cm lehiaketa-erakusketak prest du laugarren edizioa. Gaur bertan aurkeztu dute aurtengoa, Junkal Eizagirre Kulturako ordezkariak, Ricardo Catalana Zahartu ekoiztetxeko kideak eta proiektuko komisario Ana Zubikoak.
«Joan den urtean, 18 cm-ko programa izan zen berreskuratu ahal izan genuen lehen kultur jardueretako bat nekez ahaztuko dugun 2020 horretako udan. Urtebete geroago, berriz gatoz ekimen honekin. Laugarren edizioa du eta oso berezia da, herritarren ekarpenekin elikatzen baita. Oso albiste ona da berriz gure artean egotea, eta, gainera, atze oihal haurtzaroa duela», esan du Eizagirrek.
2018an sortu zuten egitasmoa, artearen munduan agertoki berriak urratzeko eta nolanahiko sortzaileek (artezaleek, hasiberriak, amateurrek zein aritutakoek) egindako obrak erakusteko gune berriak sortzeko helburuarekin. Pinturak, serigrafiak, grabatuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak… Formatu ugari onartuko dituzte.
Erakusketan parte hartzeko baldintza nagusia da lan guztiek neurri jakin batzuk izan beharko dituztela, hau da, obrak, pinturak, serigrafiak eta argazkiek 18 zentimetrokoak beharko dute izan gehienez; eskulturek berriz 18 cm luze, zabal eta sakon izan beharko dute; eta ikus-entzunezko sorkariek 18 segundo edo minutu bat eta 18 segundoko lanak aurkeztu beharko dituzte. Teknikari dagokionez, librea izango da, eta partaide bakoitzak hiru pieza aurkeztu ahal izango ditu.
Aurten, gainera, haurtzaroan inguruko gai artistikoan inspiratu beharko dira artistak. Irun lanean ari da Unicef-en ‘Haurtzaroaren hiria laguna’ izateko, horregatik aukeratu dute aurten gai hori.
Lanak Amaia KZn entregatu beharko dira, uztailaren 15etik 30era bitarte. Aurkeztutako guztien artean batzuk hautatuko dituzte, eta hauekin erakusketa egingo dute abuztuaren 20tik irailaren 5era.