Aurten ere Argitu tailerrarekin elkarlanean ariko da udala
Merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarri, kontsumo, salneurri, kargatzeko eskakizun eta bestelako alderdien gaineko informazioa eskainiko dute datorren asteazkeneko saioan, online bidez.
Ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun eraginkorrerako aukeren inguruan informatzeko online tailerra antolatu dute datorren asteazkenerako (hilak 9), Energia Argitu programaren baitan. Udalak eta aldundiak elkarlanean antolatutako tailerra izango da, 18:00etan hasiko dutena.
Tailer honen helburua gizartean pixkanaka txertatzen eta indarra hartzen ari diren mugikortasun eraginkorreko eredu berriei buruz herritarrak informatzea dela esan dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, egungo merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarri, kontsumo, salneurri, kargatzeko eskakizun eta bestelako alderdien gaineko informazioa eskainiko diete partaideei. Horrez gain, mugikortasun beharrei buruz hausnartzeko tartea izango dela aurreartu dute, motorrik gabeko mugikortasun aukerak aztertuz eta ibilgailu elektrikoak partekatzeko dauden esperientziak aurkeztuz.
Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, helbide honetara idatziz edo 943 16 41 72 telefono zenbakira deituz.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, internetera sarbidea izatearekin nahikoa da, ez baita programarik deskargatu behar saioa jarraitu ahal izateko. Saioa gaztelaniaz izango da.