Iazko etenaldiaren ondotik, dena prest 2021eko Bikingo Egunerako
Gaur arratsaldean burutu dute aurtengo Bikingo Egunaren aurkezpena; kirola eta kultura uztartzen duen egitaraua atondu dute.
Badator 2021. urteko Hondarribiko Bikingo Eguna. Gaur burutu dute ekitaldiaren aurkezpena Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes Kirola eta Kultura zinegotziak, Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko presidenteak, Iñaki Navascues Hondarribiko Surf Eskolako zuzendariak eta Alvaro Turrion Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituko ordezkariak. Hilaren 12rako finkatu dute hamabigarren Bikingo Egunerako hitzordua.
“Orain dela hiru urte hasi ginela Bikingo Egunarekin bat egiten”, azaldu du Saezek, “bai surf aldetik, bai eta kultur aldetik ere”. FederArte surf kultura proiektuan 2016an sortu zela kontatu du surflariak, “federazioa desagertzeko zorian zegoen, eta egin genuen plan estrategiko berri hau, gure federatuei balio erantsia eman nahiean: Batetik, lehiaketa indartuz, eta bestetik, surfaren kultura guztia kalera ateraz”.
Ildo horretan, Katapulta Tour Gipuzkoarekin elkarlanean hastea “ezinbestekoa” jo du Saezek. Proiektuaren filosofia partekatzen dutela bi entitateek ziurtatu du, “tokiko talentua bultzatzea eta artista ezezagunak promozionatzea”. Hori horrela, proiektuaren ardatz nagusiak kultura, kirola, eta inklusioa, berdintasuna eta ingurumena bezalako baloreak direla zehaztu du.
Navascuesek bere aldetik adierazi duenez, orain dela 12 urte hasi ziren eta denbora honetan garrantzitsuena “oinarriko kirola” izan da. Hala, datorren igandeko hitzordura begira azaldu duenez, “pandemia egoera kontuan hartuta egitaraua eta gauzak egiteko modua egokitzea ezinbestekoa izan da”. Horrez gain, padel surf inklusiboan jarri du arreta zuzendariak: “Ezintasun fisikoren bat daukaten pertsonak mugatuagoak egoten dira kirola aukeratzeko eta praktikatzeko garaian, eta gure kasuan, padel surf egokitua eskaintzeko aukera dugu”.
Bukatzeko, Katapulta Tour Gipuzkoako ordezkariak aipatu duenez, haien helburua “tokiko artisten promozioa” da. Horrez gain, eragile ezberdinen arteko kolaborazioan jarri du arreta; “bertatik eratorri da federazioarekin elkarlana”. Azkenik, Aigori eta J. Largo musikarien estiloa goraipatu du Turrionek: “Musika urbanoa sortzen dute, eta zirkuitua antolatu dugun urteetan inoiz ez dugu halako estilorik jorratu. Lehen aldia izango da”.
Egitaraua eta bestelako informazioa, bertan.