Hondartzaren inguruetan TAO sistema martxan dela gogoratu du udalak
Astelehenetik igandera 10.00etatik 20.00ak arte indarrean egongo da abuztuaren 31ra bitartean. Hondartzako aparkalekua ere martxan dela jakinarazi dute.
Asteartean abiatu zuen Hondarribiko Udalak hondartzako ordainpeko aparkalekua eta inguruetako TAO sistema. Abuztuaren 31ra arte luzatuko dela azaldu zuen atzo Juan Mari Altuna Hiri Segurtasunerako zinegotziak. «Zerbitzua Foru kalean, Ramon Iribarren pasealekuan, eta futbol zelai zein hondartzako inguruetan jarri da abian. Portu auzoan eta Bentako aparkalekuan jadanik martxan dago urte osoan», erantsi du.
Hala, Foru kalean, Ramon Iribarren pasealekuan, futbol zelai inguruan, Portuko kaleetan eta Bentako aparkalekuan goizeko 10.00etatik 20.00ak arte egongo da abian TAO sistema, astelehenetik igandera. Hondartzako aparkalekuan , aldiz, 24 orduz ordaindu beharko dute erabiltzaileek.
Txartelak eskuratzeko eta informazio gehiagorako, BAZ bulegoarekin edo Udaltzaingoarekin jarri beharko dira harremanetan interesdunak.