Gasteizko PPko zinegotzi ohi batek salatutako erasoa gaitzetsi du udalak
Bozeramaileen batzarrak adierazpen bat onetsi berri du, Iñaki Garcia Calvo PPko zinegotzi ohiak jasandako ustezko erasoa salatzeko. Talde guztiek adostu dute testua, EH Bildu izan ezik.

Joan den larunbatean Gasteizko (Araba) Alde Zaharrean PPko zinegotzi batek salatutako erasoa gaitzetsi berri dute Irungo ia talde guztiek. Bozeramaileen batzarrak adierazpen bat onetsi berri du, Iñaki Garcia Calvo PPko zinegotzi ohiak jasandako ustezko erasoa salatzeko. Talde guztiek adostu dute testua, EH Bildu izan ezik.
«Negargarria da horrelako erasoak berriz ere gertatzea eta Euskadiko kaleetan berriz ere pairatu behar izatea duela urte gutxira arte alderdi politikoen eta Estatuaren segurtasun indarren kontra gertatzen ziren indarkeriazko ekintzak, pintaketak eta mehatxuak», esan dute PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU, EAJ eta PP taldeek.
Ondorengoa da adostutako testua:
-
Gure gaitzespen eta arbuiorik irmoena adierazten dugu aurreko larunbatean Iñaki García Calvo PPko zinegotzi ohiak eta harekin zeudenek jasan zuten erasoaren aurrean.
-
Gaitzetsi egiten ditugu azken hilabeteetan berriz ere alderdi politikoen etaEstatuaren segurtasun-indarren kontra gertatzen ari diren mota guztietako erasoak, mehatxuak, edozein pertsonaren kontrako irainak eta ekintza bandalikoak (pintaketak).
-
Elkarrizketaren, desberdinekiko errespetuaren, bizikidetzaren, bakearen etaaskatasunaren aldeko gure konpromisoa berresten dugu, balio goren gisa.
Ustezko erasoaren harira pertsona bat atxilotu dute Gasteizen. Atxilotuak 23 urte ditu.