ETEi zuzendutako laguntza plan berria aurkeztuko du Jaurlaritzak asteazkenean
Irungo eta Hondarribiko enpresa txiki eta ertainei bideratutako informazio saioa izango da. 68 programa eta 433 milioi euroko aurrekontua biltzen ditu planak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak Hondarribiko eta Irungo enpresa txiki eta ertainei (ETE) bideratutako diru-laguntza plan berriaren gaineko informazio saioa burutuko du datorren astean. Zehazki, hilaren 9an, asteazkenarekin finkatu dute hitzordua, Hondarribiko Kultur Etxean, 09:30etik 11:30era.
68 programa eta 433 milioi euroko aurrekontua barneratzen ditu Jaurlaritzaren plan berriak.«Programa horien helburua ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea da, bereziki EAEko garapen iraunkorrari erreparatuta», adierazi dute deitzaileek.
Parte hartzaileen artean, daude, besteak beste: Aitor Urzelai SPRI taldeko zuzendari nagusia; Leyre Madariaga Eraldaketa Digital eta Ekintzailetza zuzendaria; Mikel Amundarain Industria eta Trantsizio Energetikorako zuzendaria; Ainhoa Ondarzabal BTI-Nazioartekotzeko Euskal Agentziako sailburua; Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendaria; Alex Boto IHOBEko zuzendaria; eta Javier Plasencia Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria. Hizlariek dagozkien programetako xehetasunak emango dituzte enpresek euren beharretara egokitzen den lerroa aurki dezaten.
Parte hartu nahi duten enpresek aldez aurretik eman beharko dute izena, posta elektroniko bidez edo 945 01 99 94 telefono zenbakian. Saioaren gaineko informazio gehiagorako bertan sartu.