Erdi Aroko Azoka «egokitua» egingo dute Kasino Zaharrean
Edukiera mugatua izango du, segurtasun distantziak mantenduko dira, eta 30 bat erakusketarik parte hartuko dute; horrez gain, argazki lehiaketa aurrera eramango dute.
Iazko etenaldiaren ondorioz, Erdi Aroko Azoka Kasino Zaharreko lorategietara itzuliko da datorren asteburuan, hilaren 12an eta 13an. «Egokitutako» formatuan izango da, Maria Serrano Turismo eta Merkataritza zinegotziak atzo jakinarazi zuenez. Denera, segurtasun tartea mantenduko duten 30 bat stand egongo dira, eta edukiera mugatua izango du. Horretarako, sarrera Santa Maria ateaurrearen ondoan egongo da, eta irteera, Egiluz ikastetxearen eremuan. Argazki lehiaketa ere berreskuratuko dute aurten, nahiz eta horren oinarriak ez dituzten oraindik argitaratu.
Azkenik, kale animaziorik eta Erdi Aroko Pintxo Lehiaketarik ez da egingo aurten. Hala ere, Serranok azaldu zuenez, Erdi Aroko pintxoak eskaini zezatela asteburuan zehar galdegin zien udalak herriko ostalariei, eta iniziatibak «oso harrera» ona izan duela erantsi zuen. Denera, bederatzi establezimenduk bat egin dute proposamenarekin, tartean, Tatapas gastrotekak, Badia tabernak eta Rafael jatetxeak.
Lehenaren ordezkari Adur Arrietak eta Rafaeleko Josu Carrionek Erdi Aroko Pintxo Lehiaketaren txapela jantzi dute dagoeneko. Badiako Amaia Urdangarinek, bere aldetik, iazko udan ireki zituen ateak, eta momentuz txapelketan lehiatzeko aukerarik izan ez duen arren, parte hartzera animatu da sukaldaria. Ildo horretan, ordezkariek azaldu zutenez, Tatapasek Arkumea, ogia eta ardoa sorkuntza eskainiko die bezeroei, Rafaelek bakailaoa oinarri duen Talo Lao, eta Badiak bere aldetik, sagarrak eta eperrak uztartuko dituen mokadutxoa prestatuko duela aurreratu zuen Urdangarinek.