Irungo hezkuntzaren gaineko diagnostikoa egin du Hezkuntza Plazara egitasmoak
Ondorioztatutakoarekin diagnostiko zehatza eta lokala egin nahi dute, «hezkuntza komunitateak dituen kezka, behar eta arazo nabarmenenak argitzeko». Ekainaren 12an aurkeztuko dituzte publikoki, ekitaldi batekin.
Pandemiaren testuinguruan hezkuntza komunitateak bizi zuen «egoera kezkagarri eta larriaren aurrean administrazioaren utzikeria salatzeko» sortutako Hezkuntza Plazara egitasmoak ekitaldi berezia egingo du Irunen hilaren 12an (larunbata da). Hezkuntza Komunitatearen gaineko diagnostikoa egin berri dute, eta euren asmoa da herritarrekin batera honen ondorioak aztertzea ekitaldi horretan.
Apirilean galdetegi ba zabaldu zuen dinamikak, eta ia mila lagunek (924 guztira) erantzun zuten. «Gure ustez parte hartzea esanguratsua izan da eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa eskertu nahi dugu», esan dute egitasmoko kideek.
Guztira, Irungo hemezortzi ikastetxetako kideek parte hartu dute galdetegian, zehazki, 523 familiek, 287 hezitzailek, 15 zuzendaritzako kidek, 45 jangelako langilek, 31 ikaslek eta 23 bestelako langilek (atezainak, garbitzaileak, administrariak…) erantzun dute galdetegia.
Galdetegi horretan ondorioztatutakoarekin diagnostiko zehatza eta lokala egin nahi dute, «Irungo hezkuntza komunitateak dituen kezka, behar eta arazo nabarmenenak zeintzuk diren argitzeko».
Orain, diagnostiko hori eskolaz eskola aurkeztea da egitasmoaren asmoa. Horrez gain, udal gobernuarekin eta gainerako alderdiekin ere biltzeko eskaera egin berri dute, elkarlanerako urratsak eman ahal izateko.
Hurrengo larunbateko ekitaldian aurkeztuko dituzte publikoki diagnostikoaren ondorioak. 18:00etan bilduko dira San Juan plazan. Irundar orori luzatu diote bertaratzeko deia, «hezkuntza denena baita eta denok dugulako zer esan eta zer egin».