GKEen akusazioei erantzun die Gotzone Larrarte zinegotziak
Joan den astean eskualdeko GKEek salatutako "babesgabetasuna" eta "utzikeria" gezurtatu ditu Gizarte Zerbitzuetako eta Lankidetza zinegotziak.
Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbizuetako eta Lankidetza zinegotzi Gotzone Larrartek eskualdeko gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) joan den astean egindako akusazioei erantzun die aste honetan. Arduradunaren arabera, “lanean ari ginen eta ari gara 2021eko deialdia udaberrian plazaratzeko, eta ildo beretik jarraitzen dugu”. Pandemiak “ahalegin gehigarria” eragin diela Gizarte Zerbitzuei erantsi du, baina hala ere, Taupadak eta Zaporeak GKEen larrialdi laguntza eskaerei erantzun dietela ziurtatu.
Aurtengo deialdiak, gainera, hiru berritasun biltzen dituela gaineratu du: “Diru-laguntzen partidarako zuzkidura ekonomikoa hobetzea batetik, eta horrek, praktikan, laguntzetarako zuzkidura ekonomikoa bikoiztea dakar; bigarrenik, proiektuak justifikatzeko prozesua arintzeko administrazio mekanismo hobeak gaitzea; eta azkenik, 2021eko proiektuak ez ezik, 2020ko proiektuak ere onartzea”. Berrikuntzak “banan-banan” adierazi zaizkie GKEei, Larrarteren arabera.
Bestalde, deirik jaso izanaren “konstantziarik” ez dutela erantsi du. “Ni neu zinegotzi modura harremanetan jarri nintzen pertsonalki 2019an beren proiektuak aurkeztu zituzten 18 GKEekin”, adierazi du hautetsiak, eta “denek ondo onartu zutela” gehitu du.
Azkenik, azken hamar urteetan ia 10 milioi euro bideratu dituztela lankidetza proiektuetara ere ezagutarazi du, “zehazki, 998.548,37 euro”. Euskal Fondoa, Behar Bidasoa, Taupadak, DOA edo ABAY izan dira onuradun nagusiak, arduradunaren arabera.
Bukatzeko, “hurbiltasun apur bat” faltan bota dutela adierazi du. Deialdia udaberria bukatu aurretik argitaratuko dutela ziurtatu du Larrartek.