Txomin Artolaren antologia ostiraletik eskuragarri
Et Incarnatus orkestrarekin batera ekoitzitako disko liburuaren gaineko nondik norakoak aurkeztuko dituzte ostiralean, Itsas Etxea Auditoriumean.
Txomin Artola Et Incarnatus Est izenpeko antologiaren berri eman dute gaur goizean Txomin Artola musikariak, Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak eta Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak. Hondarribiarraren ibilbidea errepasatzen duen disko liburuaren gaineko aurkezpena eta lanaren inguruko proiekzioa ostiralean egingo dute Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan.
Era berean, ostiraletik aurrera eskuratu ahal izango dute interesdunek antologia Elkar dendetan eta Hondarribiko hainbat txokotan, tartean, Arma Plaza, Endanea Garden edo Ignacio tabernan, baita Et Incarnatus orkestraren sare sozialen bitartez ere.
Bertan bidutakoek eskerrak eman nahi izan dizkiote Hondarribiko Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektua babesteko ahalegina egin izanagatik. Zentzu horretan, denak asebete eta kontent agertu dira emaitzarekin, hainbat hilabeteko atzerapena pairatu duen arren.
Sorrera
Ideia “berezia” izan zen Artolaren gaineko antologia osatzea, Zeberiok azaldu duenez: “Ideia berezia zen garai batean oihartzun handia zuen artista baten ibilbideari buruz lan bat egitea zelako. Txomin [Artola] erretiratuta zegoen, eta lehendabiziko lana izan zen bera konbentzitzea, lana egin zitekeela, esfortzuak merezi zuela, eta azkenean emaitzarekin gustura gelditzeko modukoa izango zela. Eta hori, nahiko konplikatua izan da”.
Artola bere aldetik orkestrarekin grabatzea “amets” bat izan dela onartu du. Zeberiok eta Koldo Juaristik bultzatu zutela ideia kontatu du abeslariak, eta aitortu duenez, “gaur egun ziurgabetasun handia dago; ez dakizu halako proiektuak salduko diren edo ez. Proiektu arriskutsua eta oso ausarta zen hasieratik, eta nik asko eskertzen dut”.
Orain dela 50 urte egin zuela lehen kanta gogora ekarri du, halaber, Artolak, eta urte hauetan zehar ekoitzitako abesti horiek orkestrarekin interpretatzeari balio eman dio. Era berean, musikarien eta seme-alaben parte hartzea proiektuan ere nabarmendu du artista hondarribiarrak: “Eskerrik beroenak denei, omenaldi bezala hartzen dut, baita testamentu bezala ere. Nik segur aski ez dut ezer gehiago egingo, segur aski baina nork daki, baina niretzako hau Hondarribian uztea, ondare bezala, eta ni hemen ez nagoenean, poza ematen dit”.