Azken hilabetean 100dik gora lagun isundu ditu Udaltzaingoak Irunen
Akta guztien artetik, 66 hileko lehenengo astekoak dira, oraindik alarma egoera martxan zegoenean jarritakoak.
Azken hilabetean, maiatza osoan zehar, 107 isun espediente zabaldu ditu Udaltzaingoak Irunen, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko erakundeek ezarritako osasun neurriak ez errespetatzeagatik. Akta guztien artetik, 66 hileko lehenengo astekoak dira, oraindik alarma egoera martxan zegoenean.
Salaketa gehienak (41 guztira) kalean ibiltzeko eskubidearen, ordutegien eta baimendutako gehieneko pertsona taldeen mugak ez betetzeagatik jarri dituzte (alarma egoeran); beste 26 salaketa musukoa ez eramateagatik izan dira; 31 lagun bide publikoan alkohola edateagatik isundu dituzte, eta hiru isun ostalaritza, jatetxe, joko areto eta apustu lokalen ordutegien mugak ez errespetatzeagatik zabaldu dituzte. Salaketa hauez gain, azken asteetan etxebizitzetan bertaratu behar izan dira udaltzainak, etxean soinua egiteagatik. Zentzu horretan sei akta zabaldu dituzte.