EH Bildu: "Gobernuak ez du inongo agintaldi planik eguneratu"
Aurretik bideorririk ez zegoela iritzita, "Agintaldi Plan berria aurkeztu digu gobernu taldeak, eta gure ustez, eguneratu gabe".
EAJren udal gobernuak atzo plazaratutako 2019-2023 Agintaldi Plan Eguneratuaren gaineko balorazioa plazaratu du gaur EH Bilduren udal taldeak. Koalizio abertzalearen arabera, “tokiko gobernuak ez du inongo agintaldi planik eguneratu, aurretik planik ez zegoelako”. Are gehiago: “Agintaldi Plan berria aurkeztu digu, eta gure ustez, eguneratu gabe”.
2019-2023 plana plazaratzeko bi urte behar izana deitoratu du, halaber, Hondarribiko EH Bilduk. COVID-19aren izurriak “bere pisua” duela onartu arren, “aitzakia” iritzi dio atzerapenari. Gainera, hainbat gabezia antzeman ditu udal taldeak, esaterako, dokumentuak ez baitu herriaren diagnosiarik egiten: “Nola eragin dio pandemiak Hondarribiari? Zenbat aldi baterako lan espediente daude Hondarribian? Zein sektoreri eragin dio larrien? […]”.
Horrez gain, Agintaldi Planak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) baliogabetzearen inguruan edota migrazio krisiaren gainean “hitzik ez” jaso izana ere deitoratu koalizioak. Izan ere, lehenean bildutako “egitasmorik garrantzitsuena Zaldunborda” zela iritzia, dokumentuak ez duela argitzen proiektua zertan geratu den uste du EH Bilduk. Migranteen kasuan, haien aburuz, arreta plana dokumentuan “txertatu” beharko litzatekeela erantsi dute.
Turismoa eta alardea
EH Bilduren udal taldeak EAJren udal gobernuaren Agintaldi Plan Eguneratuan faltan botatako beste bi esparruak “turismoa” eta “alardea” dira. Koalizioak plazaratutakoaren arabera, “pandemiak larriki kaltetu du turismoa eta haren inguruko industria, baina, aldi berean, Hondarribia turismoaren hiri gisa birpentsatzeko aukera paregabea da”. Turismora bideratutako etxebizitzak “kontrolik gabe” ugaltzeari buruz “hitzik ez” jaso izana berriz ere deitoratu du koalizioak, eta ildo horretan, “turismo iraunkorra” nola ulertzen duen galdegin dio gobernu taldeari.
Azkenik, alardeari buruz mintzatu da EH Bildu. Izan ere, turismoak saldutako “edertasunetik harago azken 25 urtean, tamalez, jaietako istiluengatik ezagunagoa da Hondarribia. Gaiak ez al du merezi errenkada xume bat Agintaldi Planean?”.
Hori horrela, bi urtez planaren zain egon arren, planak “zer esaten” duen eta “zer ez duen esaten” ohartu eta “indarra non egin” behar duen argi du orain EH Bilduk.