Bidasoa, Asobal ligako txapeldunorde
Denboraldiari amaiera biribila eman diote jokalariek. Klubaren historian hirugarrenez lortu dute bigarren postua, Granollers taldea gailendu ostean (29-24).
Bidasoak lortu du, denboraldi magiko bati amaiera biribila eman diote jokalariek. Klubaren historian hirugarrenez, Bidasoa eskubaloi taldea Asobal ligako txapeldunorde izan baita. Granollers taldea gailendu zuten atzo (29-24), ligako azken partidan, etxean (Artalekun), neurketa bizi batean.
Atsedenera sei goleko abantailarekin iritsi ziren irundarrak, eta talde kataluniarrari ezinezko egin zitzaion markagailua iraultzea. Lehen minututik jarrera lehiakorra erakutsi zuten jokalariek, erasoan zein defentsan primeran aritu ziren.
Atzokoa Asobal ligako azken partida izan zen Adrian Crowley, Sergio de la Salud eta Iker Serranorentzat. Dena den, azken hitzordu bat izango dute Bidasoarekin, Asobal Kopan.
Fitxa teknikoa
Bidasoa-Irun (16+13): Ledo (Sierra) Cavero (4), Crowley (1), Julen (5), Salinas, De la Salud (4), Azkue (6, 2 pen.); Racotea (2), Zabala (3), Gey-Emparan, Serrano (4), Tesoriere, Da Silva, Nieto eta Bonanno.