Parez pare ditu zabalik ateak Euskal Herriak
Ehunka lagunek erantzun diote Irungo herritar Sareak deitu duen manifestazioari. politikariei neurriak hartzeko eskatu diete, eta erakusteko, edonoren bizitzaren alde daudela.
Euskal Herria, harrera herria. Lelo horrekin abiatu da manifestazioa gaur arratsaldean Irungo San Juan plazatik. Ehunka lagun batu dira Irungo Harrera Sareak egin duen deialdira, oihu bakarraren bueltan: inor ez dela ilegala. Ateak zabalik dituzte, datorren ororentzat, argi baitute, denek dutela bizimodu hobeago baten bila joateko eskubidea. Jon Aranguren Irungo Harrera Sareko kideak, manifestazioa abiatu aurretik HITZAri esan dio mugan azken urteetan gertatzen ari dena, eta batez ere azken sei hilabeteetan, salatzea zuela helburu gaurko protestak: “Mugak itxita daude beltzak diren pertsonentzat, edo arabiar itxura dutenentzat. Oraintxe gertatu zait; furgoneta batean gentozen lau pertsona, haietako bat beltza, Behobiako mugan gelditu gaituzte eta agiria bakarrik berari eskatu diote”.
Beste, eskaera bat ere egin du Arangurenek; honakoa, instituzioei zuzenduta: “Oso hitz politak esaten dituzte, baina neurririk ez dute hartzen. ez dute inmigrazioan konpetentziarik, baina bai bideak eta bitartekoak presionatzeko gobernuei zerbait egin dezaten. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko”. herritarrei begira, azken eskera. Enpatia eskatu die Arangurenek, “denok izan gara inoiz migrante, gu, gure gurasoak, edo nork daki, agian gure seme-alabak. Beraiek hartzea nahiko genukeen bezala dagokigu hartzea guri datozenak”.
Manifestazioaren buruan batukada feminista. Eta mugimendu hori izan du gogoan Irungo Harrera Sareko Anaitze Agirrek: “Ikaragarria da Emakumeen Mundu Martxak erakutsi duen babesa eta elkartasuna, eta mugimendu feministen jarrera oro har. Guztiei, beraz eskerrik asko”.
Atzean pankarta, Euskal Herria, harrera herria leloarekin eta ondoren beste hainbeste pankarta, inor ez dela ilegala gogorarazteko, edo ez dutela arrazakeriarik onartuko aldarrikatzeko. Eguraldi onak ere bat egin du protestarekin, manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago garbitu du zeruak, eta eguzki pean egin du manifestazioak bide osoa Santiago Zubiraino. Mugak ezabatzeko eskatu dute bertan sinbolikoki Hendaiatik abiatu den zutabeak eta Irundik abiatu denak bat egin duten unean. Bidasoa ibaian ere, mugen aurkako eta migranteek duin ibili eta bizitzeko aldarrikapena ere azaldu dute piraguan.
Amaiera ekitaldi, Ficoba kanpoaldean egin dute. Harrera Sareko hiru kidek hartu dute hitza. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela aldarrikatu dute, bildutako guztiei eskerrak emateko ondoren, “Eskerrik asko Euskal Herria harrera herria dela erakustera etorri zareten guztiei. Gu leku askotan hartu izan gaituzten bezala, guk ere harrera bera zor diegu hona datozenei”.
Hori esanda, eskaera zuzena egin diete bertaratu diren politikari, erakundeetako ordezkariei: erabiltzeko eskura dituzten baliabideak, gainditzeko euren arloetako mugak, eta egiteko “benetako” politika, “erabili imajinazioa, egin ahal duzuen guztia, beharrean dagoen jendearen alde. Hori baita politikaren handitasuna: pertsonen bizitza hobetzeaW”.
Bidea, gizarteak erakutsi duela gaineratu dute: “Egin itzazue benetako gizarte eta harrera politikak. Eraiki zubiak, gure etxera etortzeko bide seguruak”.
Migrazio eta asilo politikek ez dutela inola ere kontrol arrazistetako politikak izan gaineratu dute, eta pertsona guztiek duten bizitza hobeago baten bila joateko eskubidea lehen lerroan jarri dute, “utz ditzagun bake bakean bidean doazenak. Gizonak, emakumeak eta haurrak… gu bezalako pertsonak dira polizia eta politikek erasotzen eta ehizatzen dituztenak. Mamadou, Aicha, Ibrahim, Marcella dira… Bizitza hobeago baten bila etortzea ez da delitua, arriskutik ihesi datoz, bidaia luzea egin dute eta harrera duin bat merezi dute”.
Joan den igandean Bidasoa ibaian zendu zen Yayari aipamen berezia egin diote gaurko manifestazioaren amaiera ekitaldian. Gogora ekarri dute izena ezagutzen ez duten gazte batek bere buruaz beste egin zuela duela hilabete, “ez ditugu ahaztuko, baina batez ere, ezin dugu onartu beste inor hiltzea. ez dezagun normalizatu migratzaileen heriotza. Migratzea ez da bidean hiltzea”.
Argi dute, ez dute Bidasoa heriotza-muga bihurtzea nahi: “izan benetan herri honek merezi dituen ordezkariak, erakutsi edonoren bizitzaren alde zaudetela. Ondoan izango gaituzue, Euskal Herria harrera herria egiten”.