Mobilizazioa da bermea
Gaurkoa, mobilizazio helmuga eta abiapuntu berri bat dela esan dute; egungo politikak ez aldatzekotan, udazkenean eragile sozial eta sindikalekin batera mobilizazio orokorra antolatzeko aukera iragarri dute.
Indartsu dagoela pentsiodunen mugimendua erakutsi dute gaur Txingudiko pentsiodunek. Mugimendu horrek deituta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian San Jaun plazatik abiatuta hamarnaka eta hamarnaka irundar eta hondarribiarrek. Eskaera, sobera ezaguna: pentsio eta soldata duinak, finean zahartzaro duin baterako eskubide bermatzea, egungo adinekoentzat, zein belaunaldi berrientzat; pentsioena jendarte osoaren arazoa baita.
Hiru urteko mobilizazioen ostean lortutakoak arriskuan daudela salatu dute gaurko manifestazioan, “ez baitute urrats sendorik ematen pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko. Pentsioak murrizten ari diren erreformak bere horretan jarraitzen dute, eta murrizketa berriei ateak irekitzen zaizkie”.
Eskaera zehatza, Madrilgo Gobernuari, zein Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari, Eusko Legebiltzarra eta parlamentuei: “Egindako promesak betetzea, pentsio publikoen gaineko mehatsuak kentzea, eta behar diren erabakiak hartzea gure eskari zuzen eta premiazkoak egi bihur daitezen”.
Gaurkoa, mobilizazio helmuga eta abiapuntu berri bat dela esan dute, “egungo politikak ez aldatzekotan, udazkenean eragile sozial eta sindikalekin batera mobilizazio orokorra antolatzeko aukera izango dela iragarri nahi dugu jendaurrean. Mobilizazioa da bermea, eta horrela jarraituko dugu, gure helburuak lortu arte”.