Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute gaur
Etxeratek presoak txertatu, berrogeialdia amaitu eta azken hilabeteetan etendako komunikazioak berreskuratzeko eskatuko du.
Hileko azken ostiralero moduan, Etxeratek elkarretaratzera deitu du: 20:00etan izango da, Zabaltza plazan. Etxeratek jakinarazi duenez, pandemiak espetxeetako egoera okertu du, eta, ildo horretatik, beste behin, presoei txertatzea, berrogeialdia etetea eta komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzazkoak berreskuratzeko eskatu.
Etxeraten arabera, hasi dira espetxeetan presoak txertatzen, “baina horrek ez du bermatu komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzazkoak berreskuratzea”. Hori espetxe batzuetan baino ez dutela berrezarri adierazi du. “Denbora luzea eta zaila igaro da besarkadarik gabe, presoen eta haien senideen arteko kontaktu fisikorik gabe”, salatu du.
Aitzitik, “urruntzearen eta sakabanaketaren esperotako amaiera hurbilago” ikusten du Etxeratek. Presoen %28 0 kilometroan dagoela azaldu du. Edozein modutan, espetxe salbuespenarekin amaitzeko lanean jarraituko duela berretsi du.
Hain zuzen, horren ondorioz, “zuzenean edo zeharka” azken sei hamarkadetan 35 preso eta horien hamasei senide edota lagun hil direla jakinarazi du Etxeratek. Horrez gain, bi lagunek bere buruaz beste egin dute, espetxeratzea saihesteko. Ildo horretatik, Etxerat eta Egiari Zorrrek preso horiei aitorpen ofizial eta instituzionala egin nahiz erreparatu behar zaiela proposatu dute, “heriotza horiek memoriaren mapan lekua” izan dezaten.
Salbuespenezko espetxe politikarekin bukatzeko, euskal gizartearen inplikazioa eskatu du, eta Ibilian ibilian, etxerako bidean dinamikan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Orain hasi, eta urriaren 23ra arte luzatuko da.