Bihar hasiko da Merka2dasoaren denboraldi berria
Bigarren eskuko objektuen merkatua egingo da bihar Irunen, eta ekainaren 6rako bizikletak eta patineteak salerosteko merkatua antolatu dute Hondarribian.
Bueltan da Merka2dasoaren denboraldi berria, Irunen eta Hondarribian egiten diren bigarren eskuko azokak. Oraingoz bi merkaturen egunak aurreratu dituzte.
Lehenengoa bihar, hilak 29, Irungo Zabaltza plazan izango da, eta bigarren eskuko objektuak saldu ahalko dira. Txingudiko Zerbitzuak-el (Txinzer) azaldu dutenez, era guztietako gailuak eraman daitezke, adibidez, kirol-materiala, jantziak, poltsak, jostailuak edo liburuak. Baldintza bakarra ezarri dute: objektuak egoera onean egotea.
Postu partikularra edukiko ez dutenentzako gordailu bat egongo dela adierazi dute. Bertan, produktuak utzi daitezke merkatu-antolakuntzak saldu ditzan.
Hurrengoa bizikleta eta patinete azoka izango da, eta ekainaren 6rako antolatu dute Hondarribiko San Pedro kalean. Azaldu dutenez, ez dute 500 eurotik gorako ibilgailu edo objekturik onartuko, eta patinen edo bizikleten osagarriak saltzea debekatuta dagoela ohartarazi dute.
Hondarribiko azokan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea ekainaren 4ko 14:00ak baino lehen, telefono honetara deituz eta hitzordua eskatuz: 900 119 384.
Merka2dasoei buruzko xehetasun gehiago orrialde honetan topa daiteke.