Indarkeria sexistaren kontrako koordinazio protokoloa, aurrera
Maiatzeko udaleko osoko bilkura egin dute, gaur, eta aurrera atera dira memoria museoaren eta txertoen sarbide unibertsala sustatzeko mozioak ere.
Gaur, maiatzeko osoko bilkura egin dute udaletxean, eta punturik nagusienen artean, indarkeria sexistaren arloan, erakundeen arteko arreta eta koordinaziorako protokoloa aurrera atera da ahobatez. Egun, Irunek bazeukan indarkeria sexisten biktimei arreta emateko protokolo bat, baina hori hobetu nahi izan dutela azaldu du Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak.
Etxebesteren arabera, parte hartze prozesu luze baten emaitza izan da, eta ahalik eta kontsentsu zabalena lortzea nahi izan dute. Protokolo berriko berritasun nagusia Irungo Udala, Ertzaintza eta Osakidetzaren arteko koordinazioa martxan jartzea izango da. Protokoloaren beste bi oinarriak biktimei arreta eskaintzea eta indarkeria sexistaren bat gertatzen denean, erantzun bateratu bat emateko urratsak egitea izan da. Udal talde guztien beren adostasuna adierazi dute planarekin. EAJk alderdi bat aipamen bat egin du, eta indarkeria sexista beharrean, indarkeria matxista terminoa egokiago litzatekeela esan du Josune Gomezek, indarkeria sexista terminoak “emakumeak soilik jartzen baititu fokuan”.
Eguneko beste bi puntu nagusiak gizarte taldeetatik etorritako mozioak izan dira, eta biak aurrera atera dira, udal talde guztien baiezko botoekin eta PPren abstentzioarekin. 12. puntuan Nicolas Guerendiainen proposamena landu dute, eta Memoriaren Museoa sortzeko ideiarekin bat egin dute udal talde guztiek. Iñigo Manrique PPko bozeramaileak bere abstentzioa argudiatu du “memoriaren parte bat” bakarrik aipatzen dela esanez.
Bestetik, Amnistia Internazioanak, Oxfan Intermon eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeek COVID-19aren txertaketa unibertsalaren alde aurkeztutako mozioa aurrera atera da. Iñaki Hernando ordezkariak nabarmendu duenez, COVID-19aren aldaera berriek erakutsi dute birusa toki guztietan menperatu arte ez zaiola birusari irabaziko, eta mundu mailan fabrikazioa nahiz erabilgarritasuna handitu eta bidezko banaketa bermatzea beharrezkotzat jo du. “Ezagutza, datuak, baliabideak eta jabego intelektuala elkarbanatu” behar direla gaineratu du, zentzu horretan.
Manriquek ere bat egin du “txertoa munduko azkeneko txokora” iristearen ideiarekin, baina horretarako, GKE horiek proposatutakoa ez dela adierazi du.
Bestalde, aurrera atera dira Residencial Jaizkibel eremuko hiri antolamenduko plan berezia eta Gipuzkoako garraio publikoko tarifen integrazio sistemaren lankidetza hitzarmena berritzea. Ildo horretatik, Borja Olazabal Mugikortasun zinegotziak gogorarazi du, tarifak izoztuko direla, eta transbordoa egiterakoan, bakarrik bidaia luzeenaren kostua ordainduko dela.