Hilekoaren pobreziaz ohartarazi du Irungo Podemos Ahal Duguk
Pobrezia horri aurre egiteko neurri gisara, emakumeen higiene gaien BEZa jaistea proposatu du talde moreak. Egun %10ekoa da horien zerga erantsia.
Irungo Podemos Ahal Duguk hilekoaren higiene produktuen BEZa jaitsi dadila nahi du. Egun %10ekoa da produktu horien zerga erantsia, uste dutelako premia handiko produktuak direla, beraz, BEZ baxuagoa behar dutela. Izan ere, talde moreak hilekoaren pobreziaren edo pobrezia menstrualaren kontrako lanean dihardu. “Hilerokoaren odol jarioa jasotzeko produktu egokirik ez izatea, xaboirik eta ur garbirik eskura ez izatea, eta higienerako laku segururik eta saneaturik ez egotea. Horrela definitzen da pobrezia menstruala”, azaldu dute taldekideek.
Maiatzaren 28a da Emakumeen Osasunaren Aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna. Taldeak adierazi du osasunaren barruan emakumeen kontrako indarkeria askotarikoa dela, hala nola indarkeria obstetrikoak, gaixotasun mentalak, androzentrismoa gaixotasunen azterketan, “eta indarkeria horietako bat da pobrezia menstruala”.
COVID-19agatik pobrezian dauden pertsonak gehiago direla adierazi du Podemos Ahal Duguk, eta beraz, pobrezia menstrualaren arazoa ere areagotu egin dela zehaztu dute: “Pobrezia mota hori desagerrarazteko lanean jarraituko dugu, osasun, eskubide eta berdintasun kontua delako. Ez dugu ulertzen, adibidez, produktu horiei %10eko BEZa aplikatzea. Hilekoaren estigmatizazioaren eta pobreziaren aurkako iniziatiba guztiak babestuko ditugu”.