Uztailean, 113 ikastaro Artalekun eta Azken Portun
Ikastaro horietan izena emateko epea astelehenean zabalduko dute. Plazen kopurua 896koa da, eta izena eman ahala esleituko dira tokiak.
Irungo Udaleko Kirol arloak uztailean Artalekun eta Azken Portun izango diren ikastaroen berri eman du. Orotara, 113 ikastaro prestatu dituzte urteko zazpigarren hilabeterako, 896 plazarekin. Igerilekuko eta aretoko ikastaroak dira. Horietan izena emateko epea astelehenean (hilak 31) abiatuko dute hiriko kirol instalazioen abonua dutenentzat; gainerakoentzat ekainaren 7an, plazak geldituko balira. Aurreko urteetan ez bezala, eskaera egiten dutenek plaza eskuratuko dute zuzenean.
Ikastaro horietatik 56 Artalekun egingo dira (462 plaza) eta beste 57ak Azken Portun (434 plaza). Askotarikoak dira proposamenak: zumba, tonifikazioa, aerobic, pilates, welness, cycling, yoga, bizkarra osasuntsu izateko saioak…
Osasun segurtasun neurriak izango dituzte ikastaroek. Plaza muga izango dute, eta ikastaro eta ikastaro artean ohikoa baino tarte handiagoa izango da, kirolguneak eta materiala garbitu behar direlako. Hala, haurrentzako igeriketa eskolek 40 minutuko iraupena izango dute adibidez, eta helduentzako igeriketa jarduerek nahiz aretoko saioak 45 minutukoa. Yogako saioak dira salbuespena, 75 minutukoak izango direlako.
Ikastaroetan izena emateko Irun Txartela erabili beharko da, Irungo Udaleko webgunetik abiatuta. Izena emateko ordenaren arabera banatuko dira tokiak.