GKEek egindako eskariarekin bat egin du Abotsanitzek
"Kudeaketa txarra" eta "gardentasun eza" leporatu dizkio udal taldeak tokiko gobernuari, eta 2020-2021 urteetako deialdia "berehala" egin dezala exijitu dio.
Abotsanitz Herri Batzarrak bat egin du eskualdeko hainbat gobernuz kanpoko erakundek publiko egindako oharrarekin. GKEek diru-laguntzen atzerapena salatu ostean, Hondarribiko Udaleko EAJren gobernu taldeari 2020-2021 urteetako kooperaziorako diru-laguntza deialdia “berehala” kaleratu dezala galdegin dio alderdiak. Areago, udal taldeko kideek nabarmendu dutenez, “gai honetan ere, kudeaketa txarra eta gardentasun eza izan dira ezaugarri nagusiak”.
Hala, 2018an kokatu du Abotsanitzek arazoaren oinarria. “Urte hartan eskualdeko GKE gehienak diru-laguntzarik gabe geratu ziren aurrez jakinarazi gabeko prozedura baten ondorioz”. 2019ko deialdian “nolabaiteko soluzioa eman zitzaion” arren, deialdia ekainetik urrira arte atzeratu zela salatu du udal taldeak.
“2020an oraindik eta okerrago, EAJk ez baitzuen deialdia egin”. Abotsanitzek gogora ekarri duenez, azaroaren 28an salatu zuen alderdiak “GKEen laguntzak berriro galzorian” zeudela. Hala ere, Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia “oihartzuna isildu nahian”, 2020-2021eko deialdiak bateratuko zituela udaberrian ezagutarazi zuen. “Udaberria bukatzear dela iritsi da GKEen oharra. Eta hortaz, udal gobernuari galdetu diogunean jakin izan dugu 2019ko prozedura oraindik itxi gabe dagoela”.
Egungo egoera
Arazoa 2018an hasi zen arren, Gizarte Zerbitzuetako departamentuko langileak “beste zeregin batzuetara” bideratu dituztela salatu du Abotsanitzek. Ildo horretan, egoera “zuzentzen laguntzeko” prestutasuna agertu duela udal taldeak adierazi dute, nahiz eta EAJren erantzuna “gure laguntza ukatzea eta informazioa ezkutatzea” izan dela erantsi duen, “Abotsanitzen udal taldeari eta GKEei”.
Hori horrela, “EAJrentzat elkartasuna ez dela lehentasun” ondorioztatu du alderdiak. Are gehiago, aurrekontuaren %0,7 elkartasun proiektuetara bideratzeko galdegin duten arren, “%0tik gertuago gaude %0,7tik baino”.
Azkenik, pandemiak garapen bidean dauden herrialdeen beharrak handitu direla deitoratu du Abotsanitzek, eta “elkartasunera bideratutako esfortzua murriztu egin du Hondarribiko Udalak”. Hori guztia dela eta, deialdia “berehala” egin dezala exijitu dio udal gobernuari.