Esteban Olaizolaren itzal luzea
Marinela gaztetik, arrantzaleen eskubideen eta arrantza teknika iraunkorren alde jardun zuen hondarribiarrak. Aktibista politikoa, gazte mugimendua babestu zuen itsasgizonak.
Itsas tradizioko familia batean jaio zen Esteban Olaizola Elizazu hondarribiarra 1941eko martxoaren 31n. Hiruna anai-arreba zeuzkan, eta garaiak hala behartuta, gaztetan hasi zen itsasoan haren aitarekin, familiaren jabetzakoa zen ontzian.
Hainbat barkutan ibili zen garai batez, Beti Mesias ontzi propioa eskuratu zuen arte. 1980ko hamarkadaren hasieran, hirurogei bat legazketari zeuden Hondarribian, eta beste 30 bat ontzi handi antxoan edo bestelako arrantzan aritzen ziren. Legazketarien presidente izendatu zuten Olaizola garai hartan.
Liskarrak hasi ziren orduan Frantziako Estatuarekin. Frantses armadak esku hartu zuen liskarretan, eta Hondarribiko arrantzaleak euren arbasoek arrantza egiten zuten eremuak defendatu zituzten. Ildo beretik aurrera egin zuen 1980ko hamarkadak: pelagikoen eta arrantza tresna oldakorren aurka lanean, Europako Batasunak agindutako ontzien bermoldaketan, eta ohikoak zituzten arrantzategiak defendatzeko borrokan.
Legazketarien presidente izatetik, Hondarribiko Abade Nagusi izatera igaro zen lehenik, eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradietako presidente, ondoren. Ontziko jardunetik liberatu eta lehorrean geratu zen harrezkero Olaizola eta arrantza iraunkorraren alde egin zuen beti, tartean, Espainiako Gobernuko ministroen artean, arrantza sektoreko buru zela, Madrilen. Are gehiago, Greenpeaceko Rainbow Warrior itsasontzian Mediterraneotik Kantauri itsasora arteko zeharkaldia egin zuen arrantza teknika iraunkorren aldeko sentsibilizazio kanpainan. Hondarribian ere geldialdia egin zuen ontziak.
2000ko hamarkadaren hasieran Itsas Geroa izenpeko elkartea sortu zuen Ipar eta Hego Euskal Herriko arrantzaleen arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin, eta beste behin ere, itsasoen iraunkortasuna sustatzeko ahaleginean.
Bestelako aktibismoa
Jardun politikoan buru-belarri murgilduta ibili zen Esteban Olaizola 1980ko hamarkadaren bukaeran. Herri Batasuneko (HB) zerrendaburu gisa parte hartu zuen 1987. urteko Hondarribiko Udalerako hauteskundeetan. Garaipenetik sei botora geratu zen Olaizolak gidatutako ezker abertzalea eta oposizioaren tokia betetzera eraman zuen HBren udal taldea.
Zinegotzi gisa jardun zuen agintaldian ezinezkoa egiten zitzaion arrantzaren sektoreko ardurak eta jardun politikoa uztartzea. Hala eta guztiz ere, Hondarribiko gazteen alde egin zuen, Benta haien ekitaldietarako utziz edota jaietako txosnak eraikin horretan ahalbidetuz. Arrantzale Egunaren sortzailea ere izan zen itsasgizona.
2004. urtean erretiroa hartu zuen arte mantendu zuen Esteban Olaizolak Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradietako presidente postua. Ontzi txiki bat erosi zuen orduan txiporoietara joateko, baina oro har, bestelako apetaz gozatzeko txanda iritsi zitzaion marinelari.
Hainbat hamarkadetan zehar arrantza sasoi oparoak eta urriak ezagutzea egokitu zitzaion Esteban Olaizolari. Sektorearen aldaketen lekuko izan zen gaztetik, eta besteak beste, arrantza teknika iraunkorren alde lan egin zuen bere bizitzan zehar. Hondarribia eta Euskal Herria bihotzean zeramatzala beti diote haren seme-alabek, egun, senide eta lagunek hura bihotzean daramaten bezala. 2021eko maiatzaren 20an zendu zen 80 urte zituela.