Martxan da Santa Elena kalea berrurbanizatzeko prozesua
Proiektuaren lehenengo lerroak idatzi dituzte, eta orain, herritarrek parte hartzeko prozesu bat jarri dute martxan, obrak osatzeko ekarpen, iradokizun eta ideiak biltzeko asmoz.
Santa Elena kalea berrurbanizatzeko hurrengo pausoen berri eman dute gaur Cristina Laborda eta Monica Martinez udaleko ordezkariek. Azaldu dutenez, proiektuaren lehenengo lerroak idatzi dituzte, eta orain, herritarrek parte hartzeko prozesu bat jarri dute martxan, obrak osatzeko ekarpen, iradokizun eta ideiak biltzeko asmoz.
«Santa Elena karrikaren berrurbanizazioa epe motzean egiteko asmoa dugun inbertsio nagusietako bat da. Proiektuaren helburua Alde Zaharrean egin diren aldaketei jarraipena ematea da, hala nola Urdanibia plazako lanei eta San Martzial karrikaren, Sarjia parkearen eta Uranzu pilotalekuaren arteko lotunekoei, denek badute eta ezaugarri komun bat: ingurune osoa hobetu eta atseginagoa bilakatzea eta oinezko mugikortasuna sustatu eta ibilerraztasun arazoak konpontzea», esan du Labordak.
Obrek helburua da bidea hobeto integratzea Arbes eta Alde Zaharra lotzen diren ingurunean, eta kontuan hartu beharreko gaien artean, oinezkoen ibilerraztasuna, espaloiak estuak baitira eta zolagaina hondatuta baitago udalaren arabera. Oinarrizko proposamenak plataforma bakar bat planteatzen du, eta aparkalekuari dagokionez, ilaran aparkatzeko tokiak egokituko dituzte, zamalanak egin behar dituztenentzaxt eta mugikortasun urria duten lagunentzat.
Kaleko azpiegiturak ere hobetuko dituztela aurreratu dute ordezkariek; saneamendu hoditeria eta edateko ura eramateko hodiak berrituko dituzte eta led teknologiako argi berriak instalatuko dituzte, Urdanibia plazaren antzekoak.
Auzotarrekin batera aritzeko prozesua aste honetatik aurrera hasiko dute, behin betiko proiektua osatzeko.