Loratzen Prozesua aurkeztuko du Sortuk Irunen, Herri Topagune batekin
Irunen ezkertiarra, feminista eta independentista den pertsona eta sareekin egiteko «ariketa erraldoia» dela azaldu dute, «entzun eta eztabaidatzeko prozesua, formatzekoa, komunitatea egin eta harreman berriak eraikitzeko dinamika».
Komunitatea, zaintza, antolakuntza eta borroka. Zutabe horiek izango ditu Sorturen ‘Loratze prozesua’-k. Irunen ezkertiarra, feminista eta independentista den pertsona eta sareekin egiteko «ariketa erraldoia» dela azaldu dute, «entzun eta eztabaidatzeko prozesua, formatzekoa, komunitatea egin eta harreman berriak eraikitzeko dinamika». Bada, lehen zabalpen fase bat abiatuko dute, eta horretarako, Herri Topagunea antolatu dute Irunen ekainaren 2rako. Bertan, prozesuaren abiapuntuan sakondu eta proposamena azalduko dute, bertaratutakoekin partekatu eta eztabaidatzeko. Palmera Monterok jasoko du saioa, 18:30etik aurrera.
«Urratsez-urrats. Ez gara zerotik hasten. Badugu borroka historia bat, antolakuntza eta kultura borrokalari eta elkartasunezko bat. Baita Irunen ere, noski. Honela, azken hilabeteetako sukaldeko lanaren ostean, gure hirian jauzi handi bat egiteko prozesua abiatuko dugu: “Loratzen prozesua”», esan dute Irungo Sortu-ko kideek.
Sortu-ren arabera, urteak dira Irunen ezkerretik, independentismotik eta feminismotik sistema iraultzeko masa kritikoa lantzen eta antolatzen ari direla, «Irunen ezker abertzalea indar eraldatzailea izateko prestatzen ari dela». Euskal Herrian ere askapen prozesuaren «hamarraldi gorabeheratsu» baten ostean, «borroka paradigmaren aldaketa eta egonkortzearen ostean fase berri batean sartzeko apustua indartzen» ari dela esan dute. Bada, Sortu-ren kongresua ere bide horri ekarpena egitera datorrela diote.
Herritarrek krisi anitzek zeharkaturiko garaiak bizi dituztela diote, eta kapitalismo neoliberala, «zibilizazio eredu gisa agorturik, konbentzimendu gaitasunik gabe indarkeriaren bidea modu agerikoagoan hartzen» ari dela. «Autoritarismoaz, ezegonkortasun eta mota guztietako tentsio geopolitiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletan murgildu du gizateria. Gero eta azkarrago, gero eta sakonago. Ama lurra eta herriak arrisku larrian jartzen gaituen irteeratik gabeko zurrunbiloan».
«Eredu akitze horren zantzuak» modu ezberdinduan tokikotzen direla erantsi dute, eta ez dagoela zertan urrutira joan beharrik. Irungo bi adibide jarri dituzte: Irungo udaltzain izateko hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko erabakia, haien ustez, «zapaldua den euskal hiztunaren eskubidea zapaltzaile bezala kokatzeko saiakera egin baitu berriz ere»; eta Bidasoa ibaian izandako heriotza.
Bi kasu horien atzean kolonialismoa, migrazioa eta kapitalaren autoritarismoa dagoela diote, nazio, klase eta genero zapalketa «naturalizatu» nahi dutela, «indarkeria bake sozialaren berme bakar bezala ezarriz». Herritarrak bortizkeria ohiko den egoera batean bizitzera behartu dituztela erantsi dute amorruz, prekarietatea, matxismoa, etxebizitzaren zama edo sarbide ezintasuna, arrazakeria eta indibidualismoa eguneroko indarkeria normal gisa ikustera behartzen dituztela.
Pandemiak gainera tendentzia horiek azkartu besterik ez dituela egin ere esan dute. «Ez gaitezen engaina. “Lehen munduaren” miseriak eta ereduaren hauskortasunak plazaratzera mugatu da. Eta bide batez, ezkerraren ahulezia erakutsi du eremu askotan: Proposamen eta eragin gaitasunetik, jendartean barreiatuak diren balioetaraino», esan dute amaitzeko.