Euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukera bermatu dezala eskatu dio EAJk udalari
Jeltzaleak hiriko ikastetxeetako euskararen ezagutzarekin eta bereziki honen erabilerarekin kezkati agertu dira. Hainbat eskola eta bertako gurasoek egindako zenbait kezka helarazi dizkiote udalari.
Irungo EAJ taldea hiriko ikastetxeetako euskararen ezagutzarekin eta bereziki honen erabilerarekin kezkati agertu da. 2020 amaieran Irungo eskola publikoko hainbat ikastetxek eta bertako guraso elkarteek kezka hori azaltzeko udalari bidalitako eskutitza gogora ekarri dute jeltzaleek: «Irungo errealitate soziolinguistikoak argi erakutsi du haurren gehiengoarentzat eskola dela euskararekin harremana izateko gune nagusi eta bakarra. Nahiz eta Irungo eskola eta ikastetxeetan D eredua den nagusi, lehen aipatutako errealitate soziolinguistikoa dela eta, argi dago eskolan egiten dena ez dela nahikoa. Era berean, Udalak aurrera eramaten dituen ekimenek (FamiliaOla, adibidez), lagungarri izanik ere, inondik inora ere ez dute lortzen gabezia hori betetzea».
Jeltzaleek diote badakitela ikastetxeak eta eskola publikoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren menpe daudela, baina udaleko Euskara sailak hauen kudeaketan baduela eskumena ere esan nahi izan dute. Horregatik, udalak kontu honetan «zer egin eta zer esan» baduela diote. Are gehiago. Pandemia egoera honetan hainbat familia eta umek ez dutela euskara ama hizkuntza gisa eta eskola dela euskara erabiltzeko gune bakarra esan dute. Ondorioz, etxean egon diren bitartean haur eta gazte hauek euskaran murgiltzeko aukera gutxiago izan dituztela salatu dute.
Horren harira, iazko abenduko batzorde informatiboan eskolek egindako eskaera horien gaineko galdera bat egin zuten EAJk, eta euskara arlotik gaia koordinatuko zutela erantzun zieten. Eta horrez gain, udalak bide honetan urratsak eman zitzan aurtengo aurrekontuetan euskararen erabilera sustatzeko material digitala sortzeko edota dagoena egoki antolatzeko eta bideratzeko diru kopuru bat proposatu zuen. «Tamalez» diote jeltzaleek, udal gobernuak ezezkoa eman zuen.
Ordutik, jeltzaleek salatu dutenez, udalak ez die orain urte erdi ikastetxeetatik egindako eskaerari eta proposamenei erantzunik eman, «nahiz eta ikastetxeek beraien esku zegoen guztia egin».
«Badakigu udala euskararen egoera hobetzeko eta sustatzeko ekimenak martxan jartzen saiatzen dela, besteak beste; Solas Jolas, Udagiro, Euskara errefortzuak… baina ikastetxeek ez dela nahikoa adierazi eta frogatu ere frogatu dute. Hortaz, errealitate honen aurrean, gure taldeak hurrengo galdera plazaratzen du; Udalak ez al ditu proposatutakoak aztertuko eta bideragarriak direnak martxan jarriko?», erantsi dute taldetik.
Amaitzeko erantsi dute argi dutela «euskara gure nortasuna dela, gure izatea eta erroa». Eta horregatik euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukera bermatzeko udalak «asko egiteko» duela uste dute. «Guztia inolako muga geografikorik eta ekonomikorik gabe. Borondatea egiazkoa bada, jarri gaitezen elkarlanean denon artean, laguntza eta ekarpenak proposatzen. Eta udalak informa gaitzala behar bezala egoera hauen inguruan. Ez balitz gure galderengatik, ez genuke egin diren edo hartu diren erabaki askoren berri edukiko eta. Ziur irtenbide bat eman diezaiekegula edo gutxienez saiakera egin dezakegula. Hiriko haur eta gazteek merezi dute, eta euskarak ere merezi du», erantsi dute.