Bidasoko Bizikletaren aldeko elkarteak, Artiako Lagunek eta Mendelu bizilagun elkarteak bizikleta martxa aldarrikatzailea antolatu dute ekainaren 6rako. Mendeluk eskualdeko udalerriekin oinez edo bizikletaz lotzeko arazoak izaten jarraitzen duela salatuko dute.
Bidasoako Bizikletaren aldeko elkarteak, Artiako Lagunek eta Mendelu bizilagun elkarteak bizikleta martxa berezia antolatu du ekainaren 6rako (igandea da), Bizikletaren Munduko Eguna probestuz. Ez da edonolako martxa izango, kutsu aldarrikatzea izango baitu ekitaldiak. Izan ere, hiru eragileek salatu dute «hainbat urtez hitz emandakoak bete edo gauza gabe egon ondoren», eskualdeko hiru udalerriak oinez edo bizikletaz lotzeko arazoak izaten jarraitzen duela Mendelu auzoak.
Komunikazio arazo hori konpondu gabe dagoela dio elkarteak, eta zenbait datu eman dituzte. Mendelu urtean 4.000.000 ibilgailu baino gehiago jasaten dituen errepide batek bitan banatzen duen auzoa dela eta oinezkoek eta txirrindulariek oso miaz erabiltzen dituzten espaloik kaxkarrak dituela; «anakronikoki eta arriskua sortuaz» auzoan ibilgailu motordunek erabateko lehentasuna dutela oinezkoen, txirrindularien eta bizilagunen aurrean; eta hamarkadak daramatzatela auzotarrek «hitz asko entzuten», baina erakundeek oraindik ez diotela heldu eta konponbidea eman lotura puntu honen arazoari, finean, oinezko, txirrindulari eta bizilagunentzako bide segururik sortu gabe jarraitzen dutela.
Horregatik ekainaren 6ko bizikleta martxa horretan, oinez zein bizikletaz, «modu seguruan eta eraginkorrean mugitzea ahalbidetuko duen konponbide bat» eskatuko dute bidasoarrek. 11:00etan abiatuko dira, honako leloarekin: Mendelu, hitz gutxiago segurtasun gehiago. Bi zutabe aterako dira, bakoitza bere udalerritik (bat Irungo San Juan plazatik eta bestea Hondarribiko Alamedatik), biak Mendeluko zubipean elkartzeko. Bertan bizilagunak bilduko dira, Judas Arrieta artistarekin mural bat egiten. Ekitaldi txiki baten ostean, bi zutabeak euren jatorrira itzuliko dira.