Bidasoako Langile Autodefentsa Sarea aurkeztuko dute Irunen, ekainaren 3an
«Langileriaren antolakuntza independentean indartzeko helburuarekin» sortu dute autodefentsa laboralaren erreminta, «arlo laboralean oinarrizko beharrei erantzuteko, langileak indar posizioak irabazten joateko eta problematika laborala klase borrokaren baitan kokatzeko» asmoz.
Kontseilu Sozialista Bidasoak eskualdean osatu berri duten Bidasoko Langile Autodefentsa Sarearen aurkezpena egingo du datorren ekainaren 3an (osteguna da). Palmera Monterok jasoko du ekitaldia, 19:00etan, Autodefentsa laborala eta etorkizuneko erronkak titulupean.
«Osasun krisia gainditzeko aitzakipean hartutako neurriekin, milaka langile gara ERTEra, langabeziara, lan baldintza jasangaitzetara, jazarpen laboralera eta esplotaziora kondenaturik gaudenak. Inolako babesik gabe aurkitzen da langileria, bere behar eta interesak bermatu ezinik», salatu dute Kontseiluko kideek.
Egoera horren aurrean aurkeztu dute autodefentsa laboralaren erreminta, «langileriaren antolakuntza independentean indartzeko helburuarekin, arlo laboralean oinarrizko beharrei erantzuteko, langileak indar posizioak irabazten joateko, eta problematika laborala klase borrokaren baitan kokatzeko», elkartasunean oinarritutako antolakuntza bultzatu nahi baitute.