Pertsona ekintzaileen eguna ospatu dute
Aurten jardunaldia online egin dute, eta, modu horretara, ikasle guztiek modu bateratuan partekatu ahal izan dituzte esperientziak ekintzaileekin.

Maiatzaren 17a Pertsona Ekintzaileen Eguna izan zen, eta Bidasoa Bizirik-ek hainbat jarduera egin zituen Irun eta Hondarribiko zenbait zentrotan: Lanbide Heziketako Bidasoa, Plaiaundi, La Salle eta Mendibil Prestakuntza Zentroan.
Ekitaldia online izan zen, eta lau prestakuntza zentroetako ikasleak nahiz negozioari ekin dioten ikasle ohiak bildu ziren. Bidasoa Bizirik-ek azaldu duenez, aurreko urteetan, aurrez aurre egiten dute, eta ikastetxe bakoitzak bere jarduerak antolatzen ditu. Aurten, ordea, espazio birtual berean elkartu dira esperientziak partekatzeko, eta hori “oso aberasgarria” izan da.
Bidasoa Bizirik-en arabera, jardunaldi horren bidez, ekintzailetza balioetsi eta ikaslea animatu nahi dituzte eremu profesionalean hastera.
Lehiaketa
Aurten, Aukerak ereiten lehiaketa antolatu zuten, pertsona ekintzaileei eta enpresentzat esloganak aurkezteko lehiaketa. Guztira, 276 ikaslek parte hartu dute, eta 33 eslogan aurkeztu dituzte, taldean zein bakarka. Aurkeztutako lanak sare sozialetara igo zituzten, eta horietik zortzi hautatu ziren, bina ikastetxe bakoitzetik. Bigarrenek paddle surf ikastaro bat irabazi dute, eta, lehenengoek QLLP (Que Llevas Puesto) eskualdeko enpresa baten arropa sorta bat ere jaso zuten.