Irteerak eta marrazketa ikastaroa Lapurriturriko denboraldi berriko eskaintzak
Txangoak sei izango dira ekainaren 19tik urriaren 9ra arte, eta hainbat gai landuko dituzte. Marrazketa ikastaroa, berriz, ekainaren 5ean izango da.
Ekainaren 5ean jarriko da martxan Lapurriturriko Informazio Gunea, eta hainbat ekintza prestatu dituzte urriaren 31ra arte luzatuko den denboraldirako. Bi euskarri nagusi izango ditu: batetik, txangoak, eta, bestetik, marrazketa ikastaroa.
Lehenengo txangoa ekainaren 19an izango da, eta, azkena, urriaren 9an. Guztira, sei txango izango dira, eta gai askori buruzkoak: gerrak, narrasti eta anfibioak, meatzaritza, astronomia, orientazioa eta mikologia.
Irteera baino egun batzuk lehenago eman ahal izango da izena www.irun.org webgunean (informazio gehiago behean). Osasun neurriak beteko direla aurreratu dute, eta eguraldiaren arabera ere egokituko direla.
Horrez gain, marrazketa eta pintura ikastaroak ere eskainiko dituzte aire zabalean. Horietako bat Lapurriturrin izango da ekainaren 5ean, eta, bestea, 12an, oraindik zehaztuta ez dagoen toki batean, baina, hirigunean. Bi ikastaroak 10:00etatik 14:00etara izango dira, eta 21,60 euro ordaindu behar dira bakoitzeko. Izena hilaren 31ra arte eman ahal izango da pinturamargoa@irun.org helbidean edo telefonoz (606 220417 / 695 752994). Materiala norberak eraman beharko du.
Horrez gain, Lapurriturriko informazio puntua larunbat, igande eta jaiegunetan egongo da irekita, 10:00etatik 14:00etara. Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak gogorarazi duenez, Aste Santuan bisiten kopuruak oso onak izan ziren, eta markak hautsi zituzten 214 txangolarirekin.
Txangoak
- Ekainaren 19an: Gudak eta Gotorlekuak. Aranzadi Elkarteko Alfredo Morazaren eskutik, iraganeko gudetan murgilduko dira: Karlistadak, 36ko Gerra, Bigarren Mundu Gerra eta Comete Sarea. Hainbat puntu estrategiko bisitatuko dituzte Lapurriturritik abiatuta.
- Uztailaren 3an: Lapurriturri-Erlaitzetik abiatuta, narrasti eta anfibioen munduan murgilduko dira.
- Uztailaren 17an: Felix Ugarte Elkartearen eskutik, Askaingaina eta Miazuriko inguruko bisitatuko dituzte Aiako Harrietan Erromatar garaitik hasi eta XX.mendera arte meatzaritzak izan zuen garrantzitsua ezagutuz.
- Abuztuaren 7an: Izarrak, sateliteak, planetak… ikusi, identifikatu eta euren ezaugarriak ezagutuko dituzte, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Begi bistaz zein teleskopioz, Aiako Harriko iluntasunean, ilargi argi gabe, udako zeru izartsuaz gozatu ahal izango dute bisitariek.
- Irailaren 5ean: Kirol orientazioaren lehen oinarriak ikasiko eta praktikan jarriko dituzte: mapa eta iparrorratza erabiltzen ikasi, eta ondoren praktikan jarriko dituzte. Ikastaroa haur, gazte zein helduentzat zuzendua dago.
- Urriaren 9an: Mikologi irteera, perretxiko eta onddoen mundua ezagutzeko.