BATeko nesken taldeak B finala irabazi du Espainiako 20 urtez azpiko txapelketan
Eva Queimañok bigarren postua lortu du Espainiako federazioen txapelketan, eta Teresa Errandoneak ere bigarren bukatu du Andujarreko Nazioarteko Meetingean.
BAT Bidasoa Atletiko Taldeko nesken taldeak sasoi onean dagoela erakutsi du Espainiako 20 urtez azpiko txapelketako B finala irabazi ondoren. Guztira, 117 puntu erdietsi zituzten, zortzi lehenengo postu lau bigarrengo eta hirugarrengo bat.
Lehenengo postuak hauek lortu zituzten:
- Camila Sanguino pertika jauzian: 3,60 metro.
- Jone Isusi 400 metro hesietan: 1:03,18 (marka pertsonal onena).
- Irune Muguruza 400 metroetan: 57,75 segundo
- Hiarte Ibarguren 1.500 metroetan: 5:00,99.
- Iratxe Arrizabalaga jauzi hirukoitzean: 11,54 metro.
- Lur Azpitarte 100 metro hesietan: 14,93 segundo.
- Laia Olaskoaga 100 metroetan: 12,56 segundo.
- Irune, Mae, June eta Laia 4×400 erreleboetan: 4:03,74.
Bigarren postuak hauek lortu zituzten:
- Enara Gonzalez luzera jauzian: 5,55 metro.
- June Lizaso altuera jauzian: 1,61 metro (urteko markarik onena).
- June Fuente 2.000 metroko oztopo lasterketan: 7:39,31 (marka pertsonal onena).
- Sara Manzisidor 3.000 metroetan: 11:01,02.
Hirugarren postua
- Lucia Arrizabalaga 200 metroetan: 26,45 segundo.
Bigarren postuak Queimaño eta Errandonearentzat
Hilaren 22an eta 23an, berriz, Espainiako proba konbinatuko federazioen txapelketa jokatu zen, eta BATek ordezkari bat izan zuen: Eva Queimaño. Bigarren amaitzea lortu zuen, eta momentu onean dagoela erakutsi zuen, 23 urtez azpiko Espainiako txapelketaren aurretik (ekainaren 17an jokatuko da).
Errandonea, berriz, puntuak jasotzen jarraitzen du Tokioko Olinpiar Jokoei begira. Asteburuan Andujarreko (Espainia) Nazioarteko Meetingean parte hartu du, 100 metro hesietan. Lehenengo postua eskura eduki du, baina ehuneneko batengatik galdu du: Caridad Jerez irabazleak 13,29ko denbora egin du, eta Errandoneak 13,30.
Txapelketa berean, Mirian Gregorik marka pertsonala lortu zuen 800 metroetan: 2:09,51. Bosgarren izan zen, eta 11.en sailkapen nagusian.