Elkarretaratzea egin dute migrantearen heriotza salatzeko
Ehunka pertsona bildu ziren Irungo Harrera Sareak deituta, Azken Portun, aurreko egunean Bidasoa ibaian ito zen migratzailearen heriotza salatzeko.
Atzo eguerdian, ehunka pertsona elkartu ziren Azken Portun, Bidasoa ibaiaren alboan, justu egun bat lehenago migrante batek bizia galdu zuen tokian. Uretan batzuek besteek lehorrean, gaztearen heriotza salatu zuten irmoki. Irungo Harrera Sareak deitu zuen elkarretaratzea.
Euskal Herria Harrera Herria lelopean zabaldu zuten pankarta, eta xingola beltza jarri zuten. Loreak eta hildakoa gogoan zuten mezuak ere ikusi ahal izan ziren.
Partaideen artean Jose Antonio Santano eta Kotte Ezenarro Irun eta Hendaiako alkateak zeuden. Fermin Muguruzak ere parte hartu zuen.
Migranteak 28 urte zituela zabaldu da, eta jatorriz Boli Kostakoa zela. Larunbatean 11:00etan jaso zuen pertsona baten deia SOS Deiak-ek Bidasoa ibaian ustez gorpu bat zegoela jakinaraziz. Suhiltzaileek 12:00etan atera zuten gorpua uretatik. Lagun batekin saiatu zen ibaia zeharkatzen. Hura, 16 urtekoa, Hendaiako sarekoek erreskatatu ahal izan zuten.
Ostiralean eskainitako prentsaurrekoan Bidasoa ibaian heriotzen bat gertatuko zela ohartarazi zuen Irungo Harrera Sareak. Horren aurrean, erakunde guztiei erantzukizunak hartzeko galdegin die, eta “eskubideak sistematikoki urratzen diren muga horri irtenbidea emateko dagokien instantziekin” harremanetan jartzeko. Udaletik hasi eta Europako instantzietaraino pertsonak hiltzera bultzatzen duten kontroleko migrazio politikak aplikatzeari uzteko eskatu du.
Santanok, bestalde, “tristura” agertu du gaztearen heriotzaren aurrean, eta “laguntzeko baliabide guztiak” jarriko dituela gaineratu du. Udalak jakinarazi duenez, alkateak Josu Erkoreka sailburuarekin hitz egin du, “koordinatzeko eta erabilgarri izan daitekeen udal laguntza emateko”. Alkateak “hausnarketa sakona” eskatu du, “etsipenak ez ditzan eraman pertsona horiek bizitza jokoan jartzera, eta tamalez, oraingoan bezala, bizitza galtzera”.