Aurten ere ez da alarde parekiderik izango
Alarde Parekidearen Batzordeak bigarren urtez jaia bertan behera uztea erabaki du, hura ospatzeko baldintza egokiak ematen ez direlako.
Alarde Parekidearen Batzordeak aurten ere desfilerik ez egitea erabaki du, “Alardea egiteko baldintzak ematen ez direlako”. Amaiera “gertuago” dagoen arren, “azken ahalegin bat” egin behar dela adierazi du, “egoera tamalgarri honetatik ateratzeko eta hainbeste irundarren ziurgabetasunarekin bukatzeko”.
Alardea ez ospatzea pandemia atzean uzten laguntzeko lehentasunarekin bat datorrela iritzi dio batzordeak, eta “ekainaren 30ean beste urte batzuetako eta beste alarde batzuetako pena eta nostalgia” sentituko duela.
Batzordeak ez zuen aurreikusten urtebete beranduago berriro alardea bertan behera uzteko erabakia hartu beharko zuenik: “Horrek esan nahi du COVID-19aren ondorioan mingarriagoak direla hasieran pentsatu genuena baino”. Zentzu horretan, gogoan izan ditu pandemiaren ondorioak jasan dituzten herritarrak, bai “maite dituztenak galdu” dituztenak nahiz “gaixotasuna lehen pertsonan” pairatu dutenak ere. Era berean, gogoan izan ditu osasungintzan aritu diren guztiak ere.
“Alardearen musikak ez ditu gure kaleak beteko, eta bolbora usainak ez du gure hiriaren airea bustiko, baina horrek gogo eta indar handiagorarekin lan egitea besterik ez digu ekarriko, hurrengo urtean, alardea alaitasun anaitasun eta ospakizun eztanda bat izan dadin”, adierazi du batzordeak.