[Erreportajea] Musika doinuei atea zabaltzen ari da pixkanaka Psilocybe
Larrialdi egoeraren bukaerarekin batera jaso dute entsegu lokaletara itzultzeko baimena musikazaleek. Aretoko kontzertuekin berriz ere gozatzeko, aldiz, itxoin beharko dute oraindik.
Aspaldian entzuten ez ziren musika doinuak itzuli dira berriro Mendelu auzora. Aretoaren kanpoaldeko P hizki arrosa itzalita dago iazko martxoan osasun larrialdi egoera ezarri zenetik. Entsegu lokalek gutxieneko erritmoa mantendu zuten zenbait hilabetean, nahiz eta neurriak gogortu zituztenetik ez zen musika notarik aditzen inguruetan. Musukoaren derrigorrezko erabilera amaitzea amesten dutenek bezala, aste honetan, azkenean, izan dute aukera Hondarribiko musikariek euren instrumentuak berriro astintzeko.
«Luzea» egin zaie itxaronaldia eta «frustrazioa» nagusitu dela onartu du Mikel Larratxe Psilocybe elkarteko kideak: «Baina, egia esan, egoera honetan hainbeste aspektutan frustratzea tokatu zaigun bezala». Jarduera berreskuratzeko helburuarekin inguruko herrietan entseatu ahal izateko baliatutako formulei erreparatu diete kideek, baina Hondarribiko Udalarekin gaia jorratzen hasi orduko aplikatu da legedi aldaketa. Gogotsu hartu dute agertoki berria, eta udalak osasun protokoloa bidaltzea falta zaien arren –zenbaki hau inprentara bidaltzerako agiriaren zain zeuden–, dena prest dute entseatzeari ekiteko. «Denak zoratzen gaude, noski», adierazi du, «orain txandak berrantolatzea eta denek antsietate hori gainetik kentzea tokatzen zaigu».
Etorkizun hurbila
Entsegu lokaletan normaltasunerantz aurrera urratsak egiten diren bitartean, jakitun dira aretoko kontzertuak martxan jartzeko goiz dela oraindik. «Aretoa txikia eta konpaktua da; ikusle gutxi sartzen dira distantziak mantenduko badira», azaldu du musikariak. «Gure kontzertu tipologiarentzako bideraezina suertatzen da kontzertuak antolatzea». Momentuz, beraz, aretoak itxoin beharko du ohiko irudia berreskuratzeko. Halere, programazioaz arduradunak lanean ari direla erantsi du: «Promotoreekin datak hitzartzen ari dira, kontua da ez ditugula iragartzen ez dugulako segurtasunik egingo ote diren».
Udari begira, ordea, kale kontzerturen bat antolatzeko prestutasuna agertu dute. Elkarteak funtzio kulturala eta soziala betetzen duen heinean udalaren «sostengu apur bat» dutela onartu du, «gehiagorako grina eta gogoa dugu, eta saiatuko gara ahal den neurrian behintzat zuku guztia ateratzen».