Parrokiaren egoeraz ohartarazi du Rafael Olaizola apaizak
Egurra pipiak jota dagoela-eta "presazko" esku hartzea du parrokiak apaizaren arabera; sostengu ekonomikoa bilatzeko dohaintza kanpaina abiatuko dute etzi.
Hondarribiko Alde Zaharrean kokatutako Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokiaren egoeraz ohartarazi zuten atzo arratsaldean Rafael Olaizola apaizak, eta Juan Bald zein Lupe Eguren batzorde pastoraleko kideek. Zaharberritze lanak aurrera eramatea “ezinbestekoa” dutela adierazi zuten, eta horiek burutzeko, etzi, Mendekoste egunarekin batera, dohaintza kanpaina abiatuko dutela jakinarazi zuten.
Parrokiaren arazoen arazoen artean, egurrezko azpiegiturek “presazko” esku hartzea ezinbestekoa dutela azaldu zuen Olaizolak: “Erretaulak, bankuek eta lurrak berehala berritzea behar dugu. Pipiak janda daude egurrezko azpiegitura guztiak, baita organoa bera ere”.
Sakristiaren egoerarekin ere kezka agertu zuen apaizak, eta epe luzeago batera begira hori eraberritzea ezinbestekotzat jo zuen. “Pitzaduraz beteta egoteaz gain, bertan ditugun Etxenagusia margolariaren mihiseak erabat hondatuta daude”.
Elizaren domeinuko eraikinak berritzeko beharraz ere mintzatu zen Olaizola. “Horiek eraberritu behar ditugu katekesia eman ahal izateko, Caritas-en lokal propioa edukitzeko jendea laguntzeko…”.
Dohaintza kanpaina
Parasitoak hiltzeko 15.000 euroko aurrekontua kalkulatu dutela ezagutarazi zuten atzoko agerraldian elizkideek. Hori horrela, “instituzioak, kolaboratu nahi dutenak, eta bereziki, kristau komunitatea” laguntzera deitu zitueun Olaizolak. Parrokiako, Guadalupeko Santutegiko eta Portuko elizako atarian triptikoak herritarren eskura utzi dituzte kolaboratzeko moduen inguruan informa daitezen. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) %20ko hobaria jasoko dutela dohaintza egiten dutenek erantsi zueen apaizak.
Azkenik, Portuko elizaren eraberritze lanak tankerako kanpaina baten bitartez gauzatu zirela nabarmendu zuen Olaizolak, eta beraz, eraikinaren egoerari “ona” iritzi zion. Hortaz, Guadalupeko baselizak ere pipiarekin arazoa duen arren, Alde Zaharreko parrokia “presaz” berritzea ezinbestekoa jo zuen.