Klima aldaketaren aurka egindako lana aitortu du Tapia sailburuak
Alkateen Klima eta Energia Itunari atxikitako 21 udalerriek egindako "lan handia" errekonozitu du sailburuak, tartean, Hondarribia.
Alkateen Klima eta Energia Itunari atxikitako 21 udalerriek egindako “lan handia” aitortu du Eusko Jaurlarlitzako Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak. Donostiako Miramar jauregian burututako ekitaldian egin du aitortza Tapiak, eta errekonozimendu gisa diploma banaketa egin du hautetsiak. Juan Luis Silanes Hondarribiko Ingurumen zinegotziak parte hartu du ekitaldian.
“Udalerrien deskarbonizazioa bizkortzea, klima aldaketaren inpaktuetara moldatzeko gaitasuna handitzea, eta herritarrek energia seguru, iraunkor eta eskuragarria izateko duten ahalmena handitzea”, dira, besteak beste, itunak finkatutako helburuetako batzuk. Hala, 2050 urterako “isuriei dagokienez, lurralde erresilente eta neutro” batera iristea aurreikusten dute.
Aurtengo azaroaren hasieran Glasgowen (Eskozia) egingo den Nazio Batuen Erakundearen (NBE) klima aldaketaren goi bileran parte hartzeko aurrelan gisa kokatu du Tapiak udalek egindako lana.