Teresa Errandonea, Europako Txapelketara
Hil amaieran Polonian hasiko duten lehian selekzioarekin aritzeko aukeratuetako bat izan da irundarra. Oscar Husillos edo Ana Peleteiro bezalako lehen mailako kirolariekin ukondoz ukondo ariko da.
Selekzioen Europako Txapelketan txoko bat egin du Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Teresa Errandoneak. Hemendik hamar egunera hasiko duten lehian (hilaren 29 eta 30ean izango da txapelketa, Silesian, Polonia) aritzeko aukeratuetako bat izan da irundarra. Oscar Husillos edo Ana Peleteiro bezalako lehen mailako kirolariekin ukondoz ukondo ariko da.
BATeko masterrek, 9 domina
Klubeko seniorrak bederatzi dominarekin itzuli dira Durangon (Bizkaia) jokatutako aire zabaleko Euskadi Master-etik. BATeko bost kirolari aritu dira, oso fin.
Arantxa Ausan Euskadiko txapeldun izendatu dute F45 kategorian, 400 metroetan azkarrena izan ostean (1’10”89ko markarekin). Horrez gain, 200 metro leunetan ere domina bat eskuratu du, brontzezkoa oraingo honetan (30,38 segundoko markarekin).
Jose Maria Zabala izan da Euskadiko txapeldun izendatu duten beste bidasoar bat. 200 metroetan (M55 kategorian) lehena izan da helmugara iristen, 26,97 segundoan hain zuzen ere. Urrezkoaz gain, beste bi domina ere eskuratzeko gai izan da: biak zilarrezkoak, 400 metroetan eta 100 metroetan.
Abel Castañaresek ere zilarrezko bi domina eskuratu ditu (M60 kategorian), 800 metroetan eta 1.500 metroetan.
Fernando Garciak (M50 kategorian lehiatu da) ere bi domina ekarri ditu eskualdera, baina kasu honetan brontzezkoak biak, 100 metroetan eta 200 metroetan.
Azkenik, Javier Garciak brontzezko bat irabazi du 5.000 metroetan (M35 kategorian), 16’20”94-ko markarekin.