Madalen karrikako eskailera mekanikoen konponketa lanak abiatu dituzte
Iazko urtarrilean izandako istripu baten ondorioz matxuratuta dago eskaileren zati bat; bi asteren bueltan guztiz erabilgarri egotea aurreikusi dute.
Donostia kalea eta Madalen karrika lotzen dituen eskailera mekanikoen konponketa lanei ekin diete gaur, Hondarribiko Udalak ezagutarazi duenez. Iazko urtarriletik dago geldirik eskaileren goialdean kokatutako azken zatia, larrialdi zerbitzuek istripua izan zuen pertsona bat premiaz salbatu behar izan zutenean. Lanak abiatuta, ekainaren hasierarako eskailerak guztiz erabilgarri egotea espero dute.
“Salbamenduak hasieran uste genuena baino kalte handiagoak eragin zituen”, azaldu du Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, “esku hartzearen ondorioak bi izan dira, konponketak dakarren zailtasun tekniko eta administratiboa, batetik, eta ekonomikoa, bestetik”.
2020. urteko abenduaren 18an bildutako Hondarribiko Udalbatzak gaia aztertu zuen eta 90.000 euroko diru saila onartu zuen konponketa lanerako. Horrekin batera, bost hilabeteko gehienezko epea ere aurreikusi zuen horretarako.