Indarkeria sexistaren aurkako matazak ehunduko ditu Emekik
Astigarragako Udalak Ehuleen Nazioarteko Egunean jendaurrean ehuntzeko antolatutako ekitaldiarekin bat egingo du Hondarribiko emakume elkarteak.
Emeki emakume elkarteak ezagutarazi duenez, indarkeria sexistaren aurkako matazak ehuntzeko dinamikarekin bat egingo du ekainaren 12an, Ehuleen Nazioarteko egunean. Astigarragako Udalak matazak jendaurrean ehuntzeko jarduera antolatu du eta Emeki elkarteari parte hartzeko gonbita luzatu dio. Emakume elkarteak trikotako irakasle eta eta ikasleen laguntza jasoko du horretarako.
Parte hartu nahi duten lagunek 30 zentimetroko zabalera eta nahi adina luzera duen bufanda zati bat ehundu beharko dute. Piezak Emeki elkartearen egoitzara eraman beharko dituzte interesdunek ostegunetan, 18:30ak eta 19:30ak bitartean. Zati guztiak Astigarragara eramango dituzte beste herrietakoekin elkartzeko.
Bortizkeria sexistaren aurkako matazak izeneko dinamika Espainia mailako egitasmoa da. Indarkeria matxistak eraildako biktimek utzitako hutsuneak agerian uztea, ikusaraztea, eta sentsibilizatzea du helburu.