Edozein zerbitzu publiko euskaraz jasotzeko eskubidea defendatzeko eskatu dio udalari EAJk
Udalari eskatu diote epaiaren helegitea bultzatzeko, «hari aurre egiteko behar diren baliabideekin, Irungo herritar guztien hizkuntza eskubidea modu berean defendatu eta aldezteko».
Irungo udaltzain izateko lan eskaintza publikoan (LEP) hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiak hautsak harrotu ditu. Albiste horren aurrean, besteak beste, desadostasuna eta kezka adierazi berri du Irungo EAJ taldeak. «Irmoki salatu nahi dugu egoera hori, eta udalari gure exijentzia azaldu nahi diogu, epaiaren helegitea bultzatzeko, hari aurre egiteko behar diren baliabideekin, Irungo herritar guztien hizkuntza eskubidea modu berean defendatu eta aldezteko».
Jeltzaleek diote ez daudela atzerapauso bat bera ere onartzeko prest, eta horrelako epaiak legearen eta euskal herritarren eskubideen aurkako erasoak direla. «Baita Irungo herritar guztiena ere», jarraitu du Xabier Iridoy bozeramaileak, «zalantzan jartzen baitu duela 40 urtetik hona euskara sustatzeko eta defendatzeko eraikitzen ari den bidea».
Gaineratu dutenez, administrazio publiko bateko langile izan nahi duen herritar bati ezin dio eragin era baztertzailean bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzeak, izan ere, «udaleko profesional ororen helburua da herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokiena eta osoena eskaintzea».
Amaitzeko, Iridoyk nabarmendu du taldeak urteak daramatzala euskararen eta euskaldunen eskubideen alde lan egiten. Egun herritarren %60k euskararen berri izatea lortu dela erantsi du, baina «oraindik asko dagoela egiteko eta hobetzeko». «Irunen euskararen erabilera normalizatzeko, eskubideak bermatzeko eta euskara ezagutzen eta erabiltzen duten irundarren bazterkeria saihesteko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu», esan du amaitzeko Iridoyk.