Dinamizazio Turistikorako Plana aurkeztu du Bidasoa Bizirik-ek
Lau ardatzetan oinarrituta, 2025. urterako turismo helmuga adimendu bihurtu nahi dituzte Irun eta Hondarribia.
Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa Bizirik garapen agentziaren bitartez, 2025. urtera arteko Dinamizazio Turistikorako Plana aurkeztu dute. “Bi herrietako turismo politikak batera eta modu iraunkorrean lantzeko eredua” dela adierazi dute aurkezpenean. Turismo helmuga adimendu bihurtu nahi dituzte bi udalerriak era horretan.
Turismoa erakartzeko plana lau ardatzetan oinarrituta dago, hala nola: Bisitariak; Turismo Gobernantza; Komunikazioa eta Sustapena; eta Azpiegiturak eta Mugikortasun Iraunkorra. Arlo bakoitzean ekintza espezifikoak garatuko dituztela azaldu dute. Itsasoa, natura, gastronomia eta ondarearekin lotutako turismoaz gain, Txingudiko badiarekin, merkataritzarekin edota turismo ornitologikoarekin lotutako jarduerak ere erakargarri bihurtu nahi dituzte.
Bidasoa Bizirik-eko Miguel Angel Paez presidenteak adierazi duenez, “Irun eta Hondarribia urte asko daramatzate gure lurraldeko erreferentziazko turismo helmuga izaten”. Zentzu horretan, Maria Serrano presidenteordearen arabera, “ez dugu turismo gehiago erakarri nahi, baizik eta gure hirietarako interesgarriak diren pertsonak urte osoan modu arduratsu eta iraunkorrean gu bisitatzera etortzea lortu”.
Azkenik, Turismo Mahai berria eratu nahi dutela gaineratu dute, “sektore pribatuko ordezkari gehiagorekin”.