Erabaki politikoetan artistak kontuan hartzeko eskatu dute
Kultura KM0 programaren intentzioa ona dela onartu arren, Irungo artisten kolektiboak prozedura "gardenagoa" eskatu du, eta kultur arloaren inplikazio handiagoarekin.
Joan den astean Kultura KM0 programa aurkeztu zuen Irungo Udalak kultur arloan lan egiten duten pertsona eta kolektiboei laguntzeko. Irungo artisten kolektiboak, ordea, erabaki politikoetan artistak, edo, behintzat, euren ekarpenak aintzat hartzeko eskatu du, euren ogibidea hori dela kontuan hartuta.
Artisten kolektiboaren arabera, Irungoko kultur programaren parte izatea kultura eta artearen arloko langileen aspaldiko behar bat da. Horrekin batera, kultura departamenduarekin eta erakundeekin harremanetan egoteko kanalak edukitzea ere beharrezkotzat jo du, horiek “hutsalak” direla iritzita: “Artista asko tokian tokiko hainbat erakundetara joaten dira, eta irtenbideak beharrean, arazoekin topo egiten dute euren proiektu eta ideiak aurkezterakoan”.
Horrez gain, hainbat ekarpen egin dizkio Kultura KM0-ri. Programaren intentzioa orokorrean “ona” dela uste duen arren, deitoratu egin du iazko formula bera erabili izana. Zentzu horretan, gardentasun handiagoa eskatu du, eta oinarri “argiak eta publikoak egitea”.
Bestalde, horrelako iniziatibetan “kultur ehunaren inplikazio handiagoa” egon beharko litzatekela adierazi du, are gehiago, abenduko udalbatzarrean onartutako mozioa kontuan hartuta. Bertan, “hiriko Kulturaren aldeko parte hartze eta eztabaidarako espazioak sortzen jarraitzea” onetsi zutela gogorarazi du. Ildo horretatik, inplikatu nahi duten pertsona, kolektibo eta elkarteak ere badirela argitu du.
Hirugarrenik, nahiz eta aurrekontuak 8.000 euro gehiago izango duen, oraindik ere ez dela nahikoa iritzi dio artisten kolektiboak. Horrez gain, hautagaien aukeraketa prozesua kanpoko lantalde tekniko eta espezializatu batek egitea eskatu du, baita aurrekontua diziplina artistikoen artean berdin banatzea ere: musika, dantza, antzerkia, arte plastikoak, ikus-entzunezkoa…
Bestalde, kultura babesteko ez dela diru publikorik xahutu behar uste dute, eta horretarako, ordainketak modu “justu eta orekatuan” egin behar direla, sektore bakoitzaren eta bere jardunaren cacheak kontuan hartuta. “Helburua dirua profesional gehiagorengana iristea da, eta programazio gehiago egotea”, gaineratu dute.
Azkenik, programa ez dadila salbuespeneko zerbait izan eskatu dute, eta aurrera begira ere jarraitzea: “Kultura KM0ren programa, kontzeptua eta filosofia zabaltzea, aurrera begira ere, tokian tokiko arte eta artistak hiriko kultur programazioaren bektore garrantzitsu bihurtzeko”.